Elkarrizketak

Oscar Sanchez: "Gatazkaren konponbidearen ikuspegitik egin dugu akordioa"

Iker Rincon Moreno 2019ko ira. 18a, 14:12

47 auzipetuak Audientzia Nazionalaren aurrean. © 47ak HERRIAN

Joan den astelehenean, hilaren 16an, akordioa lortu zuten 11/13 sumarioko auzipetuek Espainiako Audientzia Nazionalean. Hala, denek espetxea saihestuko dute, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak izan ezik. Azken horiek biek bost hilabete egin beharko dute espetxean. Akordioaren eta horren emaitzaren inguruko balorazioa egin digu Oscar Sanchez auzipetu itzubaltzetarrak.

Audientzia Nazionaleko fiskalagaz eta akusazio partikularrakaz akordioa egin ondoren, zein da auzipetuok egiten duzuen balorazioa?

Egia esanda, orain arteko sentsazioa gazi-gozoa da. Batez ere, kide bi espetxera joan beharko direlako. Guk beti esan dugu Audientzia Nazionalera joaterakoan ez genuela justiziarik bilatuko, eta argi genuen ez genuela horrelakorik lortuko. Gure lana euskal gizarteari begirakoa izan behar zuela argi genuen, ez Madrilera begirakoa.

Azken finean, egiten dugun balorazioa da egi juridikoak ez duela bat egiten benetako egiagaz, askotan gertatzen den bezala, zoritxarrez.

Espetxe zigorra ezarri dizuete denei, eskaerak nabarmen murriztuta, eta akordio horren muina izan da “erakunde terroristako” kideak zaretela aitortzea, besteak beste. Zer iritzi diozue horri?

Argi izan behar dugu Espainiako Audientzia Nazionala ez dela neutrala. Hau da, bertan aurreikusita zegoen, auzia hasi baino lehen ere, zer zen ebatziko zena eta zer ez. Salbuespenezko tribunala da hori, salbuespenezko epaileak dituena, eta 601 urteko espetxe zigorra eskatzen zuten 47 kideontzat. Hartara, azpimarratu behar da ez geundela oso egoera onuragarrian, salbuespen egoera total batean murgilduta geunden.

Horren aurrean, guk nahi genuena zen pertsona gehiago ez egotea espetxeratuta, eta azken finean horixe izan da gure helburua. Kartzelak husteko garaia da, ez horiek betetzekoa. Zoritxarrez, ez dugu lortu denok aske gelditzea, 47 pertsonetatik kide bi 5 hilabetez espetxera sartu beharko direlako. Hori dela eta, dugun sentsazioa garratza da baita ere. Baina, esandakoa, guk argi genuen ez genuela inolako justiziarik espero Audientzia Nazionalaren partetik; hala joan ginen, eta halaxe bueltatu gara.

Batzuk espetxea saihestu arren, inhabilitazioa izango duzue guztiok. Zein da zigor horren eragina?

Askatasunaren pribazioaz berba egiten dugunean bigarren atal batean gelditzen diren zigorrak dira inhabilitazioak. Horiek denon bizitzan eragina dute, baldintzatzen digute eta baliteke gure kideetako hainbatek lana galtzea zigor horren eraginez.

Zaila da onartzea akordioak eragingo duena, baina den-denok uste dugu aukerarik onena zela hori.

Zure kasuan, zer-zelako eragina izango du horrek zugan?

Etorkizunari begira eragina izan dezake. Hala ere, gaur egun ez du eraginik izango nire egunerokotasunean.

Erabakia logika politiko batetik hartutakoa da, presoen egoera hobetzeko eta gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko, hain zuzen ere.

Hemendik aurrera ere euskal presoen alde lan egiten segituko duzue?

Bai, are gehiago, akordio honegaz nahi izan duguna da gatazkaren konponbidean aurrera egitea. Azken finean, akordioa aztertzen dugunean, ikusiko dugu 45 pertsona ez garela espetxean sartuko “erakunde terroristako” kide garela esanda ere. Orain dela urte batzuk hori pentsaezina zen.

Gatazkaren konponbidearen ikuspegitik egin dugu akordioa. Erabakia logika politiko batetik hartutakoa da, presoen egoera hobetzeko eta gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun