Elkarrizketak

Oscar Sanchez: "Audientzia Nazionalak epaituko gaitu, baina bere iritziak ez digu balio"

Iker Rincon Moreno 2019ko ira. 13a, 08:29

Oscar Sanchez abokatu itzubaltzetarra epaituko dute irailaren 16tik aurrera.

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, Oscar Sanchez abokatu itzubaltzetarra epaituko dute Espainiako Audientzia Nazionalean, beste 46 euskal herritarregaz batera. Fiskaltzak 13 urte eta erdiko espetxe-zigorra eta 4.800 euroko isuna eskatu du berarentzat. Sanchezegaz berba egin dugu epaiketaren, atxiloketaren eta Euskal Herriak gaur egun bizi duen inguruan sakontzeko, besteak beste.

Zer da 11/13 sumarioan Espainiako Audientzia Nazionalak epaituko duena?

Guardia Zibilak Herrira erakundearen mahai nazionala deritzona osatzen zuten kideen atxiloketagaz hasten den sumarioa da. Une oso adierazgarri batean eman ziren atxiloketak; Europako Giza Eskubideen Tribunalak 197/2006 sententziaren edo Parot Doktrinaren ebazmena eman aurretik, hain zuzen ere. Testuinguru horretan, Herriraren kontrako operazio bat izan zitekeela uste genuen arren, gerora ikusi genuen aurre-diseinatutako estrategia baten pauso bat besterik ez zela: euskal preso politikoen aldeko mugimendu oso bat deuseztatzea.

Hasiera batean Herrirako kideak atxilotu zituzten; hala ere, gerora, abokatuei esker, jakin ahal izan genuen dena ez zela hor bukatzen. Espainiako Estatuak gura izan duena da espetxe-fronte bat irudikatzea, ETAk aktibo zegoen koiuntura zaharrari lotuta. Hala, gure atxiloketen ondoren, abokatuak, presoak laguntzeko taldea, Etxerat elkarteko senideak eta presoen alde lanean zebiltzan hainbat pertsona atxilotu zituzten.

Zergatik uste duzu zabaldu duela espainiar Estatuak makroepaiketa hori?

Lehen esan bezala, Parot Doktrinaren ebazpenari erantzun bat emateko izan dela uste dut. Bestalde, EPPK-k aurrerapausoak ematea ekiditea eta ETAren eta gatazkaren konponbidea baldintzatzea ere izan dute helburu. Batzuetan, badirudi Estatuak nahiago izan duela ETA aktibo jarraitzea, maila baxuago batean bada ere.

Irailaren 16an espainiar Estatuko Auzitegi Nazionalean epaituko zaituzte beste 46 pertsonagaz batera. Zer egozten dizute zuri?

Hasiera batean, niri hiru delitu egotzi zizkidaten: talde armatuko kide izatea; terrorismoaren apologia jarraitua egitea, Herrira sortu zenetik egindako ongietorri denak antolatu genituelakoan (121); eta terrorismoaren finantzaketa.

Gerora, langileen eskubideen kontrako delitua ere egotzi ziguten. Fiskaltzaren arabera, Herriran lan egiten zuten boluntarioek Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar zuten. Hala ere, gerora hori baztertu egin zuten. Nire kasuan, gainera, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren, terrorismoaren finantzaketaren delitua kendu zidaten. Aldiz, beste lau kideri azken hori egotzi zieten, zazpi urteko kartzela-zigor eskaera gehituz.

Zelan hartu duzu zuk hori dena?

Abokatua naizen heinean, ohituta nago epaiketen erritmora, eta badakit zelan funtzionatzen duen honek denak. Ez nau ustekabean harrapatu. Heldu beharreko zerbait da; aurreikusita genuen. Hala ere, bada harritzen nauen zerbait: egiten zaizkigun eskaerak. Egozten zaizkigun delituetarako Zigor Kodean jasotzen den gehieneko zigorra eskatu digute. Eskaera altuak espero nituen, baina ez horrenbestekoak.

Ezin dugu ahaztu gure lan egiteko moldeak berriak zirela, eta aurrera egin ahal izan bagenu, balitekeela nolabaiteko konponbideak lortu izana euskal preso politikoen eskubideen arloan.

Euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteagatik epaituko zaituztete. Zentzuzkoa ikusten duzu hori?

Horixe da honi denari ikusten diodan gakoa. Mugimendu batek bere helburuetako batzuk lortzen dituenean, Estatuak erantzun ohi du. Badirudi bizi ditugun askatasunak, hau da, adierazpen-askatasuna, mobilizatzeko eskubidea eta elkartzeko eskubidea bermatu egiten direla, baina Estatua kinka larrian jartzen ez dugun bitartean bakarrik. Hori lortzen denean, Estatuak hainbat mekanismo martxan jartzen ditu, galarazteko. Adibidez, Katalunian demokraziaz eta parte hartzeko eskubideaz berba egiten denean, praktikan jartzeko momentuan espainiar Estatuak hori dena blokeatu eta jarduna geldiarazten du.

Halakoa ere eman da gure kasuan. Alde batetik, Europako Giza Eskubideen Tribunalak Parot Doktrina bertan behera uztea agindu zuenean, espainiar Estatuak ez zuen porrot hori onartu gura izan. Herriran geundenok lan handia egin genuen doktrina hori bertan behera uzteko, horren bitartez espainiar Estatuak preso askoren oinarrizko eskubideak urratzen zituelako. Era berean, preso horiek gatazka politiko bati lotutakoak direla, modu bidegabe batean espetxeratuta daudela eta horiek askatzea aldarrikatu izan dugu askotan. Espainiar Estatuan, baina, badago sektore bat horren denaren kontra dagoena, eta bidezko konponbide bat lortzea ekidin gura duena. Hala ere, jende askoren lanari esker, eta Europako tribunal horren ebazpenaren ondorioz, lortu egin zen pertsona asko libre gelditzea. Uste dut Estatuak ez zuela ongi jasan kolpe hori, ez zuen onartu gura izan, eta errepresioaren bidezko erantzuna eman zuen.

Bestalde, ezin dugu ahaztu gure lan egiteko moldeak berriak zirela, eta aurrera egin ahal izan bagenu, balitekeela nolabaiteko konponbideak lortu izana euskal preso politikoen eskubideen arloan. Egia da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eman beharreko aurrerapausoen inguruko hausnarketa abiatuta zuela aspaldi, ETA disolbatu aurretik ere. Era berean, konfrontazioan oinarritutako garaia atzean utzi gura genuen, baina badirudi, nonbait Estatua egoera horretan erosoago sentitzen zela. Guk, gure aldetik, aurrerapausoak lortu gura genituen mobilizazio jendetsuen bitartez. Izan ere, lortu egin genuen euskal gizartearen zati handi bat gure aldarrikapenakaz bat etortzea, eta hori ez zitzaion batere gustatu espainiar Estatuari. Egoera horretan, gure lana bertan behera gelditzen saiatu zen, ildo horretan lan egitea eragozteko.

Herrira taldeko kide izateagatik atxilotu zintuzten. Zein zen zure egitekoa bertan?

Herriraren edo Amnistiaren aldeko talde berriaren nazioarteko taldearen arduraduna izatea leporatzen didate niri. Guardia Zibilak konglomeratu handi bat osatu du gure atxiloketa denak justifikatu ahal izateko. Hala, niri hori leporatzen didate, nazioartean lan egin dudalakoan. Nire kontra dituzten froga-elementu bakarrak publiko egin ditugun bilerak dira; ez dago inolako elementu arrarorik horretan. Nire kontra dituzten froga bakarrak prentsan agertutakoak edo hedabideek dioten hori baieztatzen duten Guardia Zibilaren txostenak dira, besterik ez.

Ideologia ezberdinetako gizon-emakumeak batzen zituen erakundea zen Herrira; bere jarduna guztiz gardena zen, edonorentzat irisgarria. Euskal preso politikoek jasaten duten eskubideen urraketa modu sozial batean salatzeko taldea zen Herrira.

Zein zen Herriraren zeregina garai horretan?

Nik esan ohi dut Espainiako Barne Ministerioak oso ondo definitu zuela atxilotu gintuzten unean; esan zuten mobilizatzeko ahalmen gehien zuen Euskal Herriko organismoa desartikulatu zutela. Eta, beste gauza askoren artean, Herrira horixe zen: espetxe-politikaren kontra zegoen askotariko jendea batzeko eremua. Izan ere, ideologia ezberdinetako gizon-emakumeak batzen zituen erakundea zen Herrira; bere jarduna guztiz gardena zen, edonorentzat irisgarria. Euskal preso politikoek jasaten duten eskubideen urraketa modu sozial batean salatzeko taldea zen Herrira.

Zein da gaur egun euskal preso politikoen egoera espainiar eta frantziar estatuetako kartzeletan?

Gaur egun 250 euskal preso ditugu espainiar eta frantziar estatuetan sakabanatuta. Bi egoeratan daude horiek denak. Alde batetik, Frantziako Gobernuak borondate ona agertu du dispertsioari amaiera emateko; hala, modu batean edo bestean, Espainiako eta Frantziako gobernuen artean adostutako espetxe-politika haustea lortu dugu. Bestalde, Espainiakoak guztiz itxi ditu EPPK-ko kideek etxera gerturatzeko eta graduak aldatzeko aukerak. Hasiera batean, bazirudien aurrerapausoak egongo zirela arlo horretan, baina azkenean ez da horrela izan. Badago 100 kilometro gerturatu duten baten bat, baina oraindino etxetik 600 kilometrora dago espetxeratuta.

Zergatik uste duzu Espainiako Gobernuak ez duela aurrerapausorik eman gura euskal gatazkaren konponbidean?

Alde batetik, nik uste dut eroso sentitzen dela egoera errepresibo horretan. Euskal preso politikoen egoerak eztabaida piztu du euskal gizartean, baina Espainiako Gobernuak ez du horretan sartu gura. Horren eraginetako bat dira barne-mailan dauzkaten presioak, aurrera egitea galarazten dietena. Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak oso hertsiak dira gai horretan. PSOEk eta PPk ere joera hori hauspotu dute aurrera eramandako estatu-politiketan. Hala, hau Gobernuaz harago doa; konglomeratu handi bat dago egoera konpontzea ekiditen duena.

Bestalde, ez dakit zein puntutaraino dagoen horretarako interesik edo ez. Euskal Herrian badago egoera aldatzeko interesa eta kontzientzia duen ordezkaritza zabal bat; Espainian, aldiz, badirudi ezetz. Hortaz, horretan eragina izan behar dugu.

Gaixo dauden presoak askatze hutsak arnasgune handi bat eragingo luke jende askoren artean. Urtez urte espetxean hil den jendea ikusi behar izan dugu, eta hori ez da bidezkoa.

Zer egin beharko litzateke egoera hori hobetzeko?

Azken finean, eskatzen dena politikatik at dagoen zerbait da, oinarrizko eskubideen ingurukoa, hain zuzen ere. Beste modu batean esanda, salbuespen-egoera batean oinarritzen ez den espetxe-politika bat martxan jartzea oso garrantzitsua da presoen egunerokotasunerako, eta horixe da eskatzen ari garena.

Bestalde, dispertsioa amaitzea, gaixo dauden presoak aske uztea... Hori dena ere oso garrantzitsua da. Baina badaude aldatu beharreko beste kontu batzuk, hala nola kondenen zenbaketa bikoitzak bertan behera uztea. Horren ondorioz, frantziar Estatuan zigorra bete duten hainbat euskal herritar bigarren kondena bat betetzen dabiltza gaur egun espainiar Estatuko kartzeletan. Gaixo dauden presoak askatze hutsak arnasgune handi bat eragingo luke jende askoren artean. Urtez urte espetxean hil den jendea ikusi behar izan dugu, eta hori ez da bidezkoa. Era berean, dispertsioa amaitzea eta graduen aldaketa bermatzea beharrezkoa dela uste dugu. Esan bezala, eskatzen duguna oinarrizko eskubideen barruan kokatzen da, logikoa da eta euskal gizartearen zati handi batek eskatzen duenarekin bat dator.

Dispertsioak, gainera, preso daudenen sendiei ere eragiten diete modu zuzenean...

Familiei eta defentsarako eskubideari baita ere. Astez aste, errepidea hartu eta ehunaka kilometro egin behar izaten dituzte askok, euren bizitza jokoan jarriz, 40 minutuko bisita bat egin ahal izateko. Preso dagoena zigor bat betetzen dabil, baina horrek ez luke eraginik izan behar bere inguruko jendearengan.

Lehen, ETA jardunean zegoenean, horri aurre egiteko neurri bat ei zen dispertsioa. Gaur egun, talde hori existitzen ez den arren, dispertsioa mantentzen dute mendeku gisa. Euskal presoen kolektiboak Zaballako espetxera gerturatzeko bidea proposatu zuen, eta talde horretako kide askok norbanako eskaerak egin dituzte etxetik hurbil zigorra betetzeko. Hala ere, den-denek ezezkoa jaso dute, inolako argudiorik gabe. Diotenez, preso denek eskakizun berdina egiten dute, baina ez da horrela. Preso bakoitzak bere egoera pertsonalari eta beharrei egokitutako eskaera egin du; baina Espainiako Gobernuak erantzun berdina egin die denei: ezezkoa. Horrek ez du inolako zentzurik.

Zein da zehazki EPPK-k proposatutako bide hori?

Frantziar Estatuan espetxeratuta dauden presoak Euskal Herritik gertuen dauden bi kartzeletara gerturatzeko eskaera egin zuten, hau da, Lannemezan eta Mont-de-Marsanekoetara. Frantziako Gobernuak eskaera hori onartu zien, eta apurka-apurka preso asko gerturatzen ari dira. Espainiar Estatuan ere bide berdina egin zitekeela pentsatuta, norbanako eskaerak egitea proposatu zuten, espetxeetako legediaren barruan dauden mekanismoak baliatuta. Hala ere, ikusi ahal izan dugunez, ia-ia ez du ezertarako balio izan bide horrek.

Zein da Espainiako Gobernuaren aitzakia eskaera horiek denak ukatzeko?

Besteak beste, arriskutsuak izan daitezkeen pertsonak direla eta horiek manipulatzen dituen antolakunderen bat egon daitekeela oraindino. Erantzun denak berdin-berdinak dira, generikoak. Espetxe-politika berdina ezartzen ari dira, modu kolektiboan.

11/13 sumariora bueltatuta berriro, zelakoa izan zen atxilotu zintuzten eguna?

Oso arraroa; polizia sekretuaren presentzia handia zen bilera egin genuen lekuaren ondoko plazan. Uste genuen segimendu-operatibo bat besterik ez zela, Guardia Zibilaren egunerokotasunaren baitakoa. Hala ere, gerora ikusi genuen ezetz, talde armatuaren kide izatearen kontrako operazioa zen. 2013an gertatu zen hori, baina leporatzen dizkigutenak 2012tik aurrerakoak dira. Gogoratu beharra dago ETAk 2011n eten zuela bere jarduera, eta horrek inflexio-puntu bat eragin zuela errealitate politikoan. Garrantzitsua da hori gogoan izatea, gure kontrako eskaera fiskalak ETAk borroka armatua eten eta ondorengoak direlako.

Zenbat denbora eman zenuen atxilotuta?

Hiru gau, denera. Hernanin atxilotu ninduten; goizetik gauera Herriraren bulegoan egon nintzen atxikita. Ondoren, furgoi batean sartu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman gintuzten, eta, bertatik, traslado-autobus batean Tres Cantoseko (Madril) polizia-etxera. Bertan bi egun gehiago eman genituen atxilotuta epailearen aurrean deklaratu aurretik.

Sei urte igaro dira ordutik; zelan bizi izan duzu denbora hori?

Egia esanda, argi nuen prozesua luzea izango zela. Gainera, mota honetako sumario handietan aitzakia perfektua dute prozesuak nahita ez luzarazteko. Hala ere, kuriosoa da Kataluniako Procésean modu askoz ere arinagoan abiatu zutela auzia. Hori ere helburu politiko baten ondoriozkoa da. Gure kasuan, uste dut sumarioa horrenbeste denboraz ez aurrera ez atzera egon izanak erakusten duela ez dagoela gatazka hori konpontzeko lehentasunik. Bilatzen dena da aktibo egon gaitezkeenak desaktibatzea, mugimendua paralizatuta mantentzeko sumarioaren zain gauden bitartean.

Arlo pertsonalean, bestalde, argi dago bizimoduan eragina duela, dena hankaz gora jartzen dizu horrela bizitzeak.

Testuinguru politiko berri honetan, ETA deseginda dagoela, zer-zelako eragina izan zuten gizartean atxiloketa horiek?

Dagoeneko zaila da harritzea euskal gizartearen erantzunaz, askotan gertatu izan den zerbait delako hori. Hala ere, niri oilo-ipurdia jartzen zait emandako erantzuna gogorarazten dudanean. Atxilotu nindutenean, Hernanin, apurka-apurka jendea batzen hasi zen kalean, gu aska gintzatela oihukatzen. Une horretan jendeak izango zuen erantzuna aurreikusi genuen, eta ni horrekin gelditzen naiz. Guk ez dugu inolako justiziarik espero Espainiako Audientzia Nazionalaren partetik, gu kondenatu edo absolbitu arren. Epaituko gaituzte, bai, baina bere iritziak ez digu balio. Guri inporta zaiguna da euskal gizarteak uste duena.

Bilatzen duguna da epaiketa horren ebazpenak orain arte sortutako mugimendu horri ahalik eta modu txikienean eragitea.

Zelan egingo diozue aurre irailaren 16an hasiko den epaiketari?

Justiziarik lortuko ez dugulako ideiarekin egingo diogu aurre. Hala, gure helburua da euskal gizartea eta, batez ere, euskal presoen inguruko gaiari konponbidea ematea. Logika horretatik ekingo diogu epaiketari.

Bilatzen duguna da epaiketa horren ebazpenak orain arte sortutako mugimendu horri ahalik eta modu txikienean eragitea. Gure helburu nagusia da, gainera, euskal gizartea konponbide horretan parte hartzera gonbidatzea, baita euskal presoen eskubideen defentsan aktibatzea ere. Audientzia Nazionalari baino, gure epaiketa Euskal Herrira begirakoa da. Horixe da gure helburua.

Udan zehar zurekiko eta beste 46 lagunekiko elkartasuna adierazteko ekimenak egin izan dira herriz herri. Zelan hartu dituzu keinu horiek denak?

Alde batetik, maila pertsonalean gainezka egiten dit. Ez nago ohituta eztabaida politikoaren eta sozialaren erdigunea izatera, ez Uribe Kostan ezta inon ere. Nik ez dut hori bilatu, etorri zaidan zerbait da. Hala ere, asko eskertzen ditut keinu horiek denak.

Arreta deitu dit horrek denak, eta aurkako jarrerak ere eragin dizkidate. Alde batetik, elkartasun hori dena izugarria da, baina pertsonalki bizi duzun arazo baten erdi-erdian zaude. Hala ere, niretzat pozgarriena da, berbarako, Itzubaltzeta/Romon gertatutakoa. Ni bertakoa izanda, askotariko borondateak batzea lortu da helburu berdin bat lortzeko: gure kontrako auzia salatzea eta gizarte justuago bat lortzearen alde borrokan jartzea, zentzurik zabalenean. Nik uste dut egiten ari den lan dena, irudi batean oinarrituta dagoen arren, askoz ere harago doala, jende asko dagoelako gauza bera esateko: aski da!

47 auzipetuak

Bitartekari-taldekoak:

  • Jose Luis Campo
  • Asier Aranguren
  • Aitziber Sagarminaga
  • Egoitz Lopez de Lacalle
  • Aintzane Orkolaga
  • Jose Miguel Almandoz

Herriragaz lotutakoak:

  • Oskar Sanchez
  • Fran Balda
  • Amaia Esnal
  • Eneko Ibarguren
  • Ekain Zubizarreta
  • Roberto Noval
  • Ibon Meñika
  • Jose Antonio Fernandez
  • Gorka Gonzalez
  • Jon Garai
  • Sergio Labaien
  • Jose Manuel Ugartemendia
  • Eneko Villegas
  • Nagore Garcia
  • Jesus Mari Aldunberri
  • Beñat Zarrabeitia
  • Ane Zelaia
  • Imanol Karrera
  • Jon Mindegiaga
  • Jabier Carballido
  • Nagore San Martin
  • Emilie Martin

Jaiki Hadiko kideak:

  • Fernando Arburua
  • Oihana Barrios

Etxerat elkartekoak:

  • Izaskun Abaigar
  • Nagore Lopez de Luzuriaga

Bestelako abokatuak:

  • Arantza Zulueta
  • Jon Enparantza
  • Alfonso Zenon
  • Kepa Mantzisidor
  • Eukene Jauregi
  • Ane Ituiño
  • Aier Larrarte
  • Ainhoa Baglietto
  • Arantza Aparicio
  • Onintza Ostolaza
  • Haizea Ziluaga
  • Amaia Izko
  • Jaione Karrera
  • Atxarte Salvador
  • Naia Zuriarrain (abokatuen bulegoko langilea)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun