Elkarrizketak

"Lan gogorra eginda, benetako ametsak lor daitezke"

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 8a, 10:59
Raspas del Embarcadero Arraun Taldeko kirolaria da Virginia Diaz.

Raspas del Embarcadero Arraun Taldeko Virginia Diaz kirolari getxoztarrak 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko txartela lortu du Ottensheim-Linzeko Munduko Txapelketako finalerako pasea lortuta. Aurretik, Europako txapeldun izan zen, lemazain gabeko biko modalitatean.

Europako txapeldun absolutua eta 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetarako txartelagaz. Zer balorazio egiten diozu 2019 urteari?

Oso positiboa izan da; orain arte egindako lanaren eta egindako esfortzuaren isla da hori, eta emaitza oso onak lortu ditugu. Hemendik ateratzen dudan ondorioa da lan eginda ametsak lor daitezkeela, eta dena oso ondo atera da.

Ez zen erraza izango emaitza horiek lortzea. Sakrifizio handiak egin behar izan dituzu?

Arrauna ibilbide luzeko kirola da, denbora behar da emaitza onak lortzeko. Hortaz, bai, egunero sakrifizioak egin behar dira, fisikoak eta mentalak; alde batean utzi behar izan ditut lagunak eta familia, munduko beste hainbat lekutan honetaz bizi ahal izateko.

Arraunean banakako skiffean hasi arren, lemazainik gabeko binakako modalitatean lehiatzen zabiltza orain. Gogorra izan da aldaketa?

Nire kideak, Aina Cidek, ababorretik egiten du arraun, eta nik, aldiz, istriborretik. Hala, batak bestearen arraunkadara egokitu behar izan du. Hasiera batean zailtasunak eragin ditu horrek, baina oso ondo moldatu gara elkarrekin.

Zelakoa izan da elkar-ulertzea kide berri horregaz?

Nahiko malguak izan gara biak. Hasieran zalantza handiak genituen, edozein aldaketa gogorra delako. Nork bere errutinak ditu eta zaila izaten da horiek moldatzea. Hala ere, biak oso arin egokitu gara, oso langileak gara egunez egun eta horrek gauzak asko erraztu ditu.

Ottensheimeko Mundialeko finalaurrekoan hirugarren postua eskuratu ondoren 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetarako txartela erdietsi zenuten. Zelan bizi izan zenuen proba hori?

Estropadan zehar arraun egitea baino ez dugu buruan, den-dena automatizatuta daukagu. Helmugara heldutakoan eta klasifikatuta geundela ikusterakoan, orduan bai, sentimendu denak azaleratu zitzaizkigun. Emozioz beterik geunden eta ni negarrez hasi nintzen. Orain arte egindako ibilbide osoa etorri zitzaidan burura; emaitza hori lortzeko urteotan egindako guztia gogoratzen duzu une horretan. 

«Egunero sakrifizioak egiten ditut aurrera jo ahal izateko; hala ere, nire inguruan dagoen taldetxoagatik izango ez balitz, ezinezkoa izango litzateke hori: Basque Team, nire kluba, nire entrenatzailea eta, batez ere, nire familia»

Zein aurreikuspenagaz egin zenioten aurre Mundial horri?

Ordura arte lortutako emaitza denak ikusita (munduko kopa eta Europako txapelketa), normalena zen klasifikatzea. Hala ere, Joko Olinpikoen sailkapenean sartzeko mundial bat maila handiko lehia da; talde denak oso prestatuta daude eta ezinezkoa zen ezer ziurtatzea. Aurreikuspena sailkatzea zen, bai, baina ez ginen ezertaz fio.

Zelan prestatuko dituzue 2020ko Joko Olinpikoak?

Hemendik aurrera kontzentrazioz kontzentrazio ibiliko gara, etxetik kanpo. Gainera, laster Japoniara joango gara lehia izango den inguruak ezagutzera. Hortaz, urte gogorra izango da. Gorenera heldu nahi dugu, eta horrek esfortzu, lan eta sufrimendu handia eskatuko du. 

14 urte zenituela hasi zinen arraunean; orduan imajinatzen zenuen maila honetara helduko zinela?

Ez, inondik inora. Txikitatik amets hori izan dut; betidanik izan ditut kirolak gustuko eta Joko Olinpikoak zirenean telebistan ikusten nituen beti. Hala ere, ez nuen sekula imajinatuko horren urrunera heldu ahal izango nintzela.

Zer eskaini dizu arraunak zure bizitzan?

Bizi-eredu bat da; horretan dihardut. Maila pertsonalean, nire bikotekidea arraunari esker ezagutu nuen. Bestalde, arrauna eta kirola bizitzan aurrera egiteko lagungarriak dira; diziplina eta sakrifizioa zer den erakusten dizute, eta hori oso lagungarria da... Kirola lan-munduan sartzeko eta bizitzan suerta daitezkeen arazoei aurre egiteko gauzarik lagungarrienetako bat dela uste dut. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun