Pasadan urtarrilaren 30ean ehunaka izan ginen kaleak hartu genituen langile, langabetu, ikasle, pentsionista, zaintzaile, gazte, emakume*...pertsona duin. Eta guk guztiok kaleak hartzeaz gain, komertzio txikiak ere jende xehearen alde egin zuen. Ez ziren gutxi izan euren dendetako ateak itxi eta duintasun irudia erakutsi zuten dendariak. Tabernek baita, pintxo-pote eguna greba egiteko egun zaila izanik ere, gutxitan ikusi izan dugun irudia eman zuten. Elkartasuna erakutsiz, eta eurengatik, taberna askok itxi zuten, poteo gune esanguratsuenetariko batzuk osorik itxiz ere.
Denok egin genuen esfortzuaren tamainaz jabetzen gara, eta horregatik, biziki pozten gaitu zuek emandako erantzunak. Euskal Herrian, eta konkretuki Algortan, grebaren arrakasta zuei esker ere bada. Zorionak beraz.
Greban planteatutako eskakizunekin bat egin izana oso garrantzitsua deritzogu, izan ere denoi dagozkigun gaiak dira. Jendartearen pobretzea, soldata eta pentsio miserableekin, gutxi batzuen mesedetan dira soilik.
Baina esan genuen greba ez zela helburu. Greba bidean etapa bat zen, jarduteko, borrokatzeko modu berrien erakusgarri. Askotariko sektore eta mugimenduek egin genuen bat, eta batasun horrek salto kualitatiboa suposatu zuen gu denontzat. Eman diezaiogun lortutakoari duen balioa, hobetu dezagun hobetu beharrekoa, eta segi dezagun bidea egiten. Gure aldetik, bizimodu duina bermatuko duten gutxieneko soldata eta pentsioen alde borrokatzen jarraitzeko asmoa dugu, baita ere guztion eskubideak bermatuko dituen sistema publiko baten alde, lan-harremanetarako esparru propio baten alde non pertsonak egongo diren bizitzaren erdigunean, gertuko merkataritza nagusi izango den herri baten alde... Finean, duintasunaren alde.