Belaunaldien arteko kohesiorako ekipamendu publiko mistoa sustatzeko kreditu gehigarria onesteko proposamena aurkeztu du Gobernu-taldeak (EAJ-PSE) osoko bilkuraren bigarren puntuan. Ignacio Uriarte Ekonomia zinegotziak azaldu duenez, gazteei zuzendutako Udaleko zuzkidura-ostatuak izango dira horiek eta 100 lagunentzako bizitokia izango da. Diotenez, proiektu hori garatzeko aurrekontua 14 milioi eurokoa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren artean ordainduko dena; azken horrek kreditu gehigarria jarriko du, hau da, 3,4 milioi euro. Izan ere, osoko bilkuran proposamena onartu da, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoakaz; Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek horren kontra egin dute eta PP abstenitu egin da.
Ekipamendu publiko misto hori Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko nagusien etxea eta euskaltegia hartzen zituen eraikinean egingo dute. Hori dela eta, Ibar Nagusien Etxea eta gaztetxea okupatu duten herritarrak protestaldia egin dute Udalbatzaren aretoan, eraikina botatzea "marra gorria" delakoan.
Paula Amieva Podemoseko bozeramaileak deitoratu duenez, gaurko osoko bilkuran ez da proiektua eztabaidatu, kredituaren onartzea baizik. Azaldu duenez, orain arte ez dute proiektu horren inguruko informazio askorik jaso, eta "zehaztasunik ez dagoen heinean, ez da eztabaidarik egongo. Gehiengo absolutuak hona eraman gaitu". Era berean, salatu du proiektuak helburu politikoei erantzuten diola, "ekipamendua 2023rako inauguratzea aurreikusita dagoelako, hurrengo hauteskundeen atarian, hain zuzen ere".
PSE-EEko Carmen Diaz zinegotziak azaldu du proiektuaren inguruko informazioa "aurretik emanda" dagoela, "prentsa ohar bidez". Era berean, esan du Gobernu-taldeko kideek hauteskundeetan azaldu zutela horren inguruko informazioa, hau da: "sozialistok eguneko zentro bat eskatzen genuen, eta EAJk egoitza bat. Eta hortxe daude emaitzak". Horrez gainera, azpimarratu du proiektu hori garatzeko Udalak jarri beharreko diru kopurua ez dela horren handia eta Udalaren finantza-egonkortasuna bermatuta dagoela.
Nerea Guijarrubia EH Bilduko kideak, bere aldetik, salatu du nagusien etxea eraisteko kreditua eskatu dutela osoko bilkuran. Azaldu duenez, arazoa ez da proiektua, baizik eta non eta nola proposatzen ari diren. Udalerriko gazteek emantzipatzeko duten arazoa mahai-gaineratu du koalizio abertzalekoak, baina Gobernu-taldearen konponbideagaz ados ez dagoela azaldu du: "Zuen konponbidea ezarpena da, zapalkuntza. Horretan ez gaituzue ondoan izango". Era beran, deitoratu du oraindik ezagutarazi ez dieten hitzarmen bat onartzea eskatzen dietela; hori dena dela eta, ezezkoa bozkatu dute.
Eduardo Andrade popularrak ere proiektuari lotutako informazio falta deitoratu du: "Ez dakigu zein den errealitatea eta zalantza asko ditugu". PPren ustez, diru asko da 14 milioi euro proiektu hori garatzeko; hori dela eta, eskatu du zertan gastatuko den zehaztapena argitzea. Hori dela eta, abstenitu egin da taldea, "Gobernuak lanean jarrai dezan proiektua garatzen, uste dugulako hori onuragarria izan daitekeelako udalerriarentzat; baina proiektua zer-zelakoa izango denaren arabera".
Azkenik, Keltse Eiguren EAJko bozeramaileak hartu du hitza puntu horri bere babesa adierazteko. Azaldu duenez, proposamen horrek ez dio zorpetzerik eragingo Udalari: "Aurrezkitik aterako dugu. Dirua badago eta izapide horren bidez helmuga berezi bat emango diogu diru horri". Dioenez, proiektu estrategikoa da hori, "berritzailea eta eduki sozial argia duena".