Koronabirusa atzerrian

"Inoiz ez nuke pentsatuko lan egitea faltan botako nuenik, baina desiratzen nago lanera bueltatzea"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 23a, 10:18

Kalera irten daitezke Alemanian dauden hiritarrak, kirola egitera zein paseatzera.

Koronabirusa dela eta, itxi zituzten lehenengo gauzak eskolak izan ziren Alemanian, martxoaren 12an, hain zuzen ere. Egun bi geroago tabernak sartu ziren zaku horretan, jatetxeak zabalik mantendu zituzten arren; hala ere, astebete beranduago etxera eroateko zerbitzua dutenek bakarrik zabalduta mantendu dituzte. Ondorioz, lan barik dabil egunotan Mikel Montes sukaldari algortarra, duela 5 urte eta erdi Berlinera (Alemania) behar egitera joan ondoren.

Lan egin ezinik, egunerokoak “ahalik eta hobekien” igarotzen saiatzen da Montes egunotan: “Etxean ahalik eta hoberen jan, eguzkia hartu, kirola egin…”. Izan ere, Alemanian ez daude konfinatuta eta kalera irteteko askatasun osoa dute. “Euskal Herriko egoera ikusita, zorte handia dugula argi dago. Ezohiko egoera honetan jarrera positibo bat izateak asko laguntzen du, nire ustez”. Hala ere, bidaiatzea, tabernetara joatea eta kontzertuez gozatu ahal izatea faltan botatzen ditu sukaldariak, baita familia eta lagunak ere.

“Badirudi txarrena pasatu egin dela Alemanian, neurriak leuntzen hasiak dira eta”

Krisia hasi aurretik egin zitzakeen gauzak egitea faltan botatzen ditu algortarrak: “Inoiz ez nuke pentsatuko lan egitea faltan botako nuenik, baina desiratzen nago lanera bueltatzea”. Joan den martxoaren 13an egin zuen behar azkeneko aldiz; ordutik kurzarbeit batera aldatu dute bere kontratua, egoera amaitu bitartean. “Honek esan nahi du enpresan segitzen dugula eta Estatuak ordainduko digula soldataren bi herenak”. Neurri horregaz, langileen kaleratzeak saihestu gura izan ditu Gobernuak, “baita langabezi-tasa ez igotzea ere”.

Joan den martxoaren 12an itxi zituzten eskolak Alemanian, egun bi beranduago tabernak eta ondoren jatetxeak, take away zerbitzua dutenak izan ezik. “Gobernuak etxean gelditzeko gomendioa eman du, baina ez dago debekatuta kalera irtetea”. Hala, kalera irten daitezke Alemanian dauden hiritarrak, kirola egitera zein paseatzera, “gehienez 2 pertsona batera eta 1,5 metroko segurtasun distantzia mantenduta”. Orain, gainera, hasieran hartutako neurriak malgutzen hasi dira, pixkanaka-pixkanaka normaltasunera bueltatzeko asmoz. Apirilaren 22an denda txikiak zabaltzeko aukera eman zuen gobernuak, edukiera mugatuta; manifestazioak ere baimendu dituzte, baina oso jende gutxikoak. Datorren astelehenetik aurrera beste hainbat neurri jarriko dituzte martxan, hala nola eskola batzuk zabaltzea eta garraio publikoan maskarak erabiltzearen beharra, Montesek azaldu digunez. “Badirudi txarrena pasatu egin dela Alemanian”.

Alemanian konfirmatutako Covid-19 kasuak 150.648 dira eta hildako kopurua 5.315era heldu da.

Datuak: 2020ko apirilaren 23an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun