Koronabirusa Uribe Kostan

Udalerriko ekonomia sustatzeko 3 milioi euro bideratuko ditu Getxoko Udalak

Erredakzioa 2020ko mai. 19a, 09:41

Getxoko Udalak 3.000.000 euro bideratuko ditu aholkularitzarako, prestakuntzarako, sareetako lankidetzarako, trebakuntzarako, enpresa-berrikuntzarako, sustapenerako eta udalerriko sektore ekonomikoa ikusgai egoteko eta dinamizatzeko COVID-19ren ondoriozko egoerari aurre egiteko. Besteak beste, GetxoBonoren edizio berri bat martxan jartzeko asmoa du (laster emango da horren berri). Jarduera ekonomikoetatik datozen udal diru-sarreretan sartu beharreko neurriak eta balizko onura fiskalak ere hartuko ditu.

Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, "alarma egoera ezarri baino lehenagotik, martxoaren 14tik, atsedenik hartu gabe lanean aritu gara, Udalak Getxoko herritarrei osasun krisi honetatik eratorritako egoera gainditzen laguntzeko. Lehenik eta behin, gure arreta, nola ez, pertsona eta kolektibo kalteberenentzat izan zen, egoera ahulean daudenentzat, arlo sozialean edo ekonomikoan, eta Gizarte-Zerbitzuen bidez egiten ari gara. Udalerriko ekonomia- eta merkataritza-sektorearekin ere ari gara lanean; oraingoz, abian dira zenbait laguntza ekonomiko eta babes-neurri, eta, egoeraren bilakaeraren arabera, erabaki berriak baloratuko ditugu. Eta ez ditugu ahaztu behar kultura- eta kirol-sektoreak, gure gizartearen beste zutabe garrantzitsu bat, gure babes osoa jasoko duena, nola ez".

Datuak

Orain arte, Udalak 2.045.000 euro onartu ditu diru-laguntzetarako:

Babesteko ekipamenduak banatzea: 25.000 euro.

  • Babesteko materiala banatzea, beste organizazio batzuekin lankidetzan: 30.000 maskara, aurpegirako 1.300 pantaila, gel hidro-alkoholikoa (400 litro) eta 6.000 eskularru-pare.

Aholkularitza: 229.000 euro.

  • Online aholkularitza berriz bideratzea eta berriz egokitzea honako hauetan: laguntza espezifikoak eta COVID-19aren ondorioz sortutako egoerari aurre egitekoak, enpresen-kudeaketaren premia berriak aztertzea, negozio-eredu berriak egokitzea, enpresa berriak eratzea eta gazteen proiektuak babestea (Wanted online) eta turismo-produktu eta -zerbitzu erregularrak garatzea.

Prestakuntza: 130.000 euro.

  • Gaikuntza digitala, berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzea merkataritza, mikroenpresa eta autonomoentzat.
  • Berriz egokitzea enpresentzako online enpresa-kudeaketa eta prestakuntza: digitalizazioa, estrategia, merkataritza, finantza, higiene- eta osasun-neurrien protokoloak ezartzea, negozioan produktu edo zerbitzu berriak ezartzea.

Lankidetza sarean:  60.000 euro.

  • Getxo Meeting online: enpresen eta ekintzaileen arteko topaketa, bai eta hurrengo kontsulta-foroan egoera berri honen inguruan enpresentzako adosten diren ekintzak garatzea ere.

Enpresa-berrikuntzarako poloa: 298.000 euro.

  • Ekintzailetzarako espazio berri bat Kirol Portuan. Hamasei enpresa egon ahal izango dira bertan.

Sustapenak eta kanpainak: 191.000 euro.

  • GetxoaktibaTU digitala: kalean bertan dauden merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalen jarduera ekonomikoaren garrantzia kanal digitalean nabarmentzea, eta jarduera-mota hori dinamizatzea zein ikusaraztea. Tokiko merkataritza sustatzeko eta sustapen digitalerako kanpainak (azokak, Gabonak eta abar). Eta turismo-zerbitzuen kontsumoa berriz aktibatzeko online/offline komunikazio- eta sustapen-kanpainak.

Zergei eta hornitzaileei ordaintzeari buruzko neurriak: 55.000 euro.

  • Hornitzaileei ordaintzeko eta herritarrei laguntzak ordaintzeko maiztasuna handitzea. Ia 14.000.000 euro ordaindu dira hornitzaile eta familientzako laguntzen kasuan, eta berehalako ordainketa egin da.
  • Atzerapenak eta zatikatzek onartzea, bai eta terrazen tasa murriztea ere irekitzeko debekua indarrean dagoen bitartean. (55.000 euro)
  • Udalak azaldu duenez, jarraitzen du jarduera ekonomikoari eman dakizkiokeen beste zerga-onura batzuk aztertzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun