Azkenean, bertan behera. Hala da.
Apirilean, denbora irabaztearren, erabaki genuen uztailean beharrean abuztuan egitea, baina ez genekien guztiz seguru egin ahal izango genuen ala ez. Maiatzaren bukaeran erabaki bat hartu behar genuen, antolaketa denborarekin egiteko. Gure lehentasuna espedizioa segurtasunez egitea izan da beti, eta kasu honetan ezin genuen hori bermatu, beraz, azkenik edizioa atzeratzea eta aurten ez egitea erabaki dugu.
Horrelako ekimen batek kontaktu fisikorik gabe zentzurik ez lukeela azaldu zenuten.
Bai, aisialdian egiten diren ekintza guztietan bezala, Euskarabenturan harremana sortzen da, familia bat ia. Talde handia gara eta distantzia soziala bermatzea oso zaila da, batetik; bestetik, ez du zentzurik horrela ibiltzeak, jendearen atzetik, distantzia batera egotera derrigortuz. Espedizioan sortzen den giroa hautsiko litzateke.
Zer alternatiba eskainiko duzue?
Gazteen sare handiena gaur egun Instagramen dago, eta guk harreman asko dugu haiekin horren bitartez. Orduan, erronka birtual batzuk botako dizkiegu gazteei uztailean, Euskarabentura 2.0 izenarekin, eta sariak izango dituena. Bi eta bost lagun bitarteko taldeetan egiteko. Segurtasuna bermatuta egongo da, eta gazteak euren inguruan ibiliko dira.
Zergatik sortu zen Euskarabentura?
Elkartean dauden bizpahiruk Ruta Quetzalen parte hartu zuten, eta esan zuten: "Espedizio hau Euskal Herrira eraman behar dugu". Alde batetik gazte-talde bat sortzeko, azken batean gure etorkizuna baitira, bestetik Euskal Herria ezagutzeko, eta hirugarrenik kultura eta bizikidetza sustatzeko. Eta hori guztia euskaraz, euskararen inguruan eta euskarari indarra emanez.
Euskara sustatzea lortzen da?
Bai. Parte hartzen duten gazteek galdetegi batzuei erantzuten diete euskararen erabileraren inguruan: bat espedizioa egin aurretik, horrela guk badakigu zer-nolako ingurutik datozen, zer hizkuntza-ohitura duten…; beste bat espedizioaren azken egunean, eta horren bidez neurtzen dugu zer aldaketa izan duten, izan badute; azkenik, sei hilabetera beste bat egiten diegu, hizkuntza-ohituretan eraginik izan ote dugun jakiteko. Horrez gain, espedizioan zehar erabileraren neurketa egiten da. Orain argitaratuko ditugu 2019ko espedizioko datuak, eta horietako bat da elkarrizketen %83 euskaraz egin zela. Pozik gaude datu horrekin.
Euskarabenturaren ibilbidea Maule eta Getxo artekoa da. Zergatik aukeratu duzue hori?
Ez dago arrazoi zehatzik. Tira, hor dugu Donejakue bidea, dagoeneko eginda dagoena eta segurtasuna ematen duena talde batek alde batetik bestera bidaiatzeko. Bidea ezagutzeak ere antolaketa errazten du; hala ere, aurten Nafarroako zatian aldaketa txiki batzuk egin nahi genituen, eta asmoa da urtez urte aldaketak egitea, garbi izanda zazpi lurraldeetatik pasatu behar dela. Lehentasunetako bat da hori, gizateriaren ondareak bisitatzearekin batera.