Manifestazioaren amaieran irakurritako oharra, osorik
Otsailaren 15ean okupatu zen Itzubaltzeta III gaztetxea. Garai hartan okupazio mugimenduak elkartasun keinuz bete zuen Bizkaiko Nerbioi harroa. Maravillasek bizitzeko beste modu bat jarri zuen mahaigainean, eta Bizkaiko gune autogestionatuok, filosofia berari jarraiki, egitarau oparoa prestatu genuen Iruñean ereindako hazitik sastraka sare sendo eta trinkoa sortzeko ibai harro hondoenetatik mendi puntetako munarrietara.
COVID-19a etorri zen orduan. Gune autogestionatuok, ardura handiaz jokatuz, ateak itxi behar izan genituen gure komunitateak zaintzen hasteko. Plangintzak bertan behera utzi genituen eta gure antolakuntza minimora murriztu. COVIDaren konfinamenduaren garaian langilerian banaketak ikusi genituen; bat-batean, ezinbestekoak ziren langileak agertu ziren eta, hauen alde, balkoiak esker honez blaitu genituen.
Jendartearen etxeratzeak, baina, klase xumeenetan hondamendi izpiak baino ez zituen eragin. Gogoan ditugu euren jazarleekin eguneko 24 orduak igarotzera derrigortutako emakumeak; gogoan ditugu etxegabeak uneoroko zelata polizialaren pean kiroldegietan gotortzera derrigortu dituztenak; gogoan ditugu gure herriek jasan dituzten okupazio militarrak kolore guztietako uniformedunen partetik. Eta, nola ez, gure herrientzat gure herrietatik sortuak izan ziren proiektu autogestionatuen zarratzea! Gu ere bota baikintuzten eta gaztetxea itxi.
Baina, ohikoa den bezala, hamaika erasori, hamaika erantzun. Itzubaltzeta III gaztetxearen zarratzearen aurrean hamaika izan dira aurrera eraman genituen mobilizazioak, herri errebelde baten xamurtasuna eta beroa oraindik dugu nabari gure begietan. Gure herritik kanpo kapitalaren eta berauen sostengu diren espekulatzaile burgesen aurrean herri erantzunak eman dira.
Pasaden ostiralean, San Inazio egunean, Itzubaltzeta III gaztetxea berreskuratzen saiatu ginen. Oraingoan, bertan gure bizitzen aspektu guztiak jorratzeko espazio bezala ireki genuen; etxebizitza proiektu bat bezala, alegia. Gaztetxe funtziotik haratago gure bizitzak autogestionatzeko proiektu integral bat proposatu genuen. Kapitalaren eta "herritarron" interesen alde egiten dutenen erantzuna berehalakoa izan zen: herria berriro ere militarizatua agertu zen. Hamaika uniformedun Itzubaltzetako herrikideen aurka oldartu ziren, buruan euren "jabetza" defendatzea helburu: Keltse, laztana, Lope de Vega, Itzubaltzeta, Getxo... Ez dira zureak, herriarenak dira! Errespetatu herriko jendearen borondatea. Itzubaltzetan Nagusien Etxea behar du! Itzubaltzetak gaztetxe bat behar du! Itzubaltzetako gazteok etxebizitza duinak behar ditugu! Eta, badaude, ez eraiki gehiago!
COVIDaren osteko garaian gure aurka egindakoaz gain, Astika Herriaren aurka egindakoa ere badaukagu, baserri bat zigilatu baitiete. Doakiela hemendik besarkada bero eta iraultzailea. Amaitzeko, eta hasierako ideia berreskuratuz, ezinbestekoa ikusten dugu gune autogestionatuen arteko saretze bat ematea, izan autodefentsa praktika jartzeko, logistikoki elkar laguntzeko, elkar ezagutzeko. Ezinbestekoa ikusten dugu okupazioa tresna moduan aldarrikatzea kapitalaren atzaparretan edozein espazio dominazio eta espekulazio tresna bihurtzen baita eta honi aurre egiteko daukagun giltzarik garrantzitsuena da.