Eguenero legez, beste behin ere, ostalariak kalera irten dira bizi duten egoera salatzeko eta neurri zehatzak eskatzeko. "Zapatuan zalantzaz beteta zabalduko dugu, baina hurrengo astean Getxo gune gorrian sartuko balitz, berriro itxi beharko genuke", azaldu du ASOGE Getxoko ostalarien elkartearen bozeramailea den Aritza Saizek. "Zortzietan zarratu behar badugu ez dugu ordutegirik izango dirua ateratzeko, eta terrazarik ez dugunok ez dakigu zabaldu dezakegun edo ez", deitoratu du.
Ostalariek dituzten eskaeren artean daude terrazak jarri izanagatik Udalak emango dizkien dirulaguntzen prozesua azkartzea eta segurtasun-marko bat sortzea, berriz ere itxiz gero ahalik eta kalte txikiena jasateko.
Ostalaritzako bonua
Getxoko Udalak adierazi du ostalariakaz harreman jarraitua mantendu duela, eta jakinarazi du bigarren itxiera honek sektorean eragin dituen kalteak arintzeko 500.000 euro bideratuko dituela laguntza zuzenen bitartez. Horregaz batera, 100.000 euroko balioa duten ostalaritza-bonuak jarriko ditu martxan 2021eko lehen eta bigarren hiruhilekoen artean.
Bestalde, Udalak lau pertsona kontratatu ditu COVID-19aren neurriez informatzeko eta Ekonomia Sustatzeko Zerbitzuari laguntza emateko.