Getxoko udal-aurrekontuei askotariko emendakinak aurkeztuko dizkiete EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 12a, 12:47

Aurtengo ekitaldirako Getxoko Udaleko aurrekontuei emendakinak aurkeztuko dizkietela jakinarazi dute gaur EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek. Lehenengoek 25 proposamen egingo dituzte, "diru-partiden eduki soziala handitzeko asmoz". Koalizio moreak, bere aldetik, 64 emendakin aurkeztuko dituzte, eta, Popularrek, aldiz, osoko zuzenketa bat eta 14 emendakin partzial iragarri dituzte, 8 milioi eurotik gorakoak.

Urte honetarako Udal Aurrekontu Orokorraren Proiektua aurkeztu zuten iragan abenduan udal-arduradunek, 108.278.038 eurokoa (105.256.007 euro 2020an). Azaldu dutenez, pandemiak eragindako egoera ekonomiko eta sozial bereziak markatutakoak dira horiek; aurrekontuaren zirriborroa Udaleko talde politiko guztiei helarazi zaie, eta urtarrilean osoko bilkura berezi batean onartzea aurreikusten da.

Bitartean, gaur bertan jakinarazi dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurrekontu horiei emendakinak aurkeztuko dizkietela. Koalizio abertzaleak dioenez, bere 25 proposamenen helburua da udal-kontuen eduki soziala areagotzea; hala ere, beste hainbat arlo ere landu ditu bere emendakinetan, hala nola auzoetako azpiegituretan hobekuntzak egitea, prozesu parte-hartzaileak areagotzea, ondarea babestea eta mugikortasunaren egokitzea. Popularrek ere euren kontrakotasuna agertu diete EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak proposatutako kontuei. Aurkeztutako osoko zuzenketa horregaz agerian utzi gura dute aurreikusitako aurrekontuok ez dituztela ez beharrezkoak diren gastuak murrizten, eta "ez dituztela berritasunik aurkezten". Horrez gainera, deitoratu dute arlo sozial eta ekonomikoan "beharrezkoak" diren ekintzak baztertuta daudela. "Azken hamarkadako aurrekonturik handienak direla iragarri dute, baina handitu duten bakarra da udal-tasak eta zergak. Euren handitzea oinarritzen da udal-ondarearen salmentan, 1.870.721 euroan, eta etorkizunean 6 milioi euroko zorpetzean", salatu du Eduardo Andrade PPko bozeramaileak.

Elkarrekin Podemos taldeak, bere aldetik, 64 emendakin iragarri ditu, 5 milioi eurotik gorakoak. Horien bitartez, gobernu-taldeak aurkeztutako proposamena "hobetu" gura du koalizioak, "ostalari, merkatari, operadore-turistiko eta kultur profesionalak laguntzeko erremintak areagotzeko", besteak beste.

EH Bilduren emendakinak, gizarte-laguntzakaz lotuta

EH Bilduk aurkeztutako emendakin nagusiak gizarte-laguntzakaz lotuta daudela iragarri dute. Besteak beste, honako diru-laguntzak proposatu dituzte: larrialdi sozialeko diru-laguntzak handitzea (300.000 euro), txirotasun energetikoari aurre egiteko diru-laguntzak (160.000 euro), alokairua ordaintzeko diru-laguntzen bigarren lerroa sortzea (248.000 euro) eta abar. Diru-laguntza horiek ordaintzeko, EH Bilduk proposatu du Getxoko Udaleko politikari eta aholkularien soldatak jaistea, "urtean 70.000 euro baino gehiago kobratzen dute eta". Era berean, diru-laguntzen sailean ere EH Bilduk proposatu du dispertsioaren gastuei aurre egiteko diru-laguntzak berreskuratzea (45.000 euro).

EH Bilduk tokiko merkataritzaren aldeko apustua ere egingo du aurrekontuetan. Koalizioak emendakin bi aurkeztu ditu gai horrekin lotuta: dendari txikiak babesteko "Getxoztarra" fidelizazio txartela sortzea (230.000 euro) eta Getxoko Ostalaritza eta Dendarien Plan Estrategikoa sortzea (55.000 euro).

Hirigintza arloan ere hainbat ekarpen egin ditu koalizio abertzaleak: Alangoko gasolindegi zaharraren erabilera zehazteko prozesu parte-hartzailea abiatzea (38.000 euro), San Martin eraikina –Getxolan zegoen lekua– eraberritzeko estudioa egitea (175.000 euro); Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxearen kasuan,  EH Bilduk eraikina babestu eta eraberritzea proposatu du (120.000 euro), "eraikinaren arkitektura eta nortasuna mantenduz".

Horrez gainera, ondarea babesteko ideiak mahai-gaineratu ditu EH Bilduk. Emendakin bi aurkeztu dira norabide horretan: herriko bost malakateak babesteko proiektua egitea (75.000 euro) eta gauza bera Galeako gotorlekuagaz (60.000 euro). Horrez gainera, Telletxen eta Xake plazan komun publiko bi sortzea proposatu du taldeak (100.000 euro).

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko asmoz, hainbat proposamen aurkeztu ditu: herri-busa martxan jartzea Andra Mari edo Oikosa bezalako auzoak zerbitzu publiko eta metroagaz lotuz (420.000 euro); Algortako goiko eta beheko aldea lotzeko bidegorria eraikitzea Sarrikobason (280.000 euro); Algorta eta Bidezabal artean metroaren ibilbidea estaltzeko proiektua egitea (65.000 euro) edo irisgarritasuna hobetzea Algortako Etorbidean (120.000 euro) edo Andikoetxe kalean (200.000 euro).

Umeentzako azpiegiturei dagokionez, EH Bildu taldeak hiru emendakin aurkeztu ditu: Txikigune edo umeentzako ludoteka berria sortzea (500.000 euro); Geroa Ikastolaren aurrean dagoen Ortzadar parkearen aterpea konpontzea (23.000 euro) eta Zubiletako ikastetxean itoginak konpontzea (20.000 euro).

Getxon etxebizitzari lotuta dagoen egoera "larria" dela iritzita, EH Bilduk proposatu du Etxebizitzaren Udal Bulegoa sortzea (150.000) eta belaunaldi ezberdinen arteko etxebizitza partekatuen proiektua sortzea (50.000), "beste udalerri batzuetan egin den bezalaxe".

Kirola sustatzea ere EH Bilduren lehentasunetako bat izan dela adierazi dute arduradunek. Emendakin bi aurkeztu dira: kirol ikastaroak berreskuratzea (289.000 euro) eta Getxoko kirol taldeei laguntzak handitzea osasun-krisiaren testuinguruan ikastaroak antolatzeko aukera izan dezaten (89.000 euro).

Azkenik, Emakumeen Etxearekin lotutako emendakina ere aurkeztu du koalizio abertzaleak (289.000 euro), "mugimendu feministarekin elkarlanean prozesu parte-hartzailea eta proiektua garatzeko asmoz".

Komertzioa, ostalaritza eta turismoa laguntzeko

Elkarrekin Podemosekoek azaldu dutenez, euren emendakinen artean daude udalerriko komertzioa, ostalaritza eta turismoa hauspotzeko diru-laguntza zuzenak. Horrez gainera, besteak beste, indarkeria matxistaren biktimen babesa areagotzeko eta Haurreskola berri bi irekitzeko proposamenak egin dituzte, baita udalerriko berdeguneak mantentzeko ere. Azkenik, udal-egoitzako langileen eskaerak betetzeko eta Itzubaltzeta/Romoko nagusien etxea zena mantentzeko negoziazioa eskatuko dute.

Azaldu dutenaren arabera, Elkarrekin Podemos daborduko bildu da gobernu-taldeagaz, eta hartu-emanakaz jarraituko dute datorren astean ere.

8,8 milioi euroko emendakinak aurkeztu ditu PPk

Popularrek, euren aldetik, 8.814.321 euroko balioa duten 14 emendakin aurkeztuko dizkiete udal-aurrekontuei. Hemen ikus daitezke proposamen denak, puntuz puntu desglosatuta (gazteleraz).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun