Espainiako Estatuko Hyrox crossfit txapelketa irabazi zenuen iragan abenduan. Zertan datza lehiaketa hori?
Iraupen luzeko proba bat da, zortzi kilometro korrika eta zortzi workout funtzional konbinatzen dituena. Joan den irailean izan genuen txapelketa horren berri; izan ere, nik Getxoko Iruka Crossfit taldean entrenatzen dut, eta bertan komentatu ziguten hori egingo zela Madrilen, abenduaren 19an. Formatua aproposa iruditu zitzaidan eta apuntatu egin nintzen. Guztira, gure taldetik 14 pertsona joan ginen, gizonak eta emakumeak. Hilabete bi eman genituen prestatzen, eta han, proban, kategoria ezberdinetan banatu ginen.
Zure anaia ere bertan aritu zen, baita bigarren gelditu ere zure kategorian...
Bai, 50-54 urte arteko kategorian lehiatu ginen biok; izan ere, nik 53 urte ditut eta anaiak 51. Batera heldu ginen azkenengo frogara eta, horretan, bi minutu atera nizkion. Izan ere, kategoriako talde osoak aldi berean hasten ditu ariketak, eta kirolari bakoitza bere airera doa. Baina, kasualitatez, hirugarren ariketan geundela, anaia eta biok batera joaten ari ginela konturatu ginen. Batean edo bestean, batek edo besteak lehenago bukatzen zuen, baina korrikan harrapatzen genion elkarri; azkenean, batera heldu ginen azkenengo ariketara.
Crossfitean baino, herriko plazetan ikusi zaitugu gehiagotan herri kiroletan. Zerikusirik ba al du batak bestearekin?
Gu, herri kiroletan gabiltzanok, korrikan nahikotxo ibili gara eta, alde horretatik, ondo datorkigu hori. Bestalde, egin behar izandako ariketa asko herri kiroletan praktikatzen ditugunen modukoak dira, hala nola txingak, pisua ekarri eta ergometroa. Orduan, hiruzpalau ariketa ezagunak egiten zitzaizkidan, eta, batez ere, proba ordubete baino gehiagokoa denez, den-dena ondo dosifikatzen jakitea beharrezkoa zen. Eta hor, nik uste dut, herri kirolariok abantaila dugu. Izan ere, nire gimnasioko taldetik oso kirolari onak joan ziren, onenak, baina anaia eta biok baino txartoago gelditu ziren, azken finean, ez zutelako jakin dosifikatzen. Puntu inportantea izan zen hori txapelketa horretan.
Noiz hasi zinen crossfitean, eta zergatik?
Bi urte daramatzat jada, eta erabiltzen dut prestaketa moduan. Egin beharrean nire kontura, hara joaten naiz eta oso erosoa da, dibertigarria eta osoa. Gomendatzen diot edozeini; nire alaba nagusia badoa, txikia eramaten hasiko naiz, eta emaztea ere hasi da.
Zeinek betetzen zaitu gehiago, crossfitak ala herri kirolak?
Biak gustatzen zaizkit. Herri kirolak ez ditut utziko, hor jarraitzen dut, baina crossfitean gustura nago; talde horretan entrenatzen, jendearekin, oso ondo nago. Ez dakit biak parean jarriko nituzkeen; nire kasuan herri kirolak gainetik jarriko ditut, baina crossfitean oso gustura nago.
Zenbat urte daramatzazu herri kiroletan?
Orain dela 33 urte, 20 nituela hasi nintzen. Nik egin nituen ikasketak dira IVEF, Gasteizen. Eta han eskatu zuten norbait herri kiroletako federazioan prestatzaile moduan, eta bertan hasi nintzen harri jasotzaileak eta sokatirakoak prestatzen. Garai horretan, nik atletismoa egiten nuen, baina herri kiroletakoak ikusten nituenean, harriak altxatzen eta horrela, esan nion nire buruari horixe bera probatu behar nuela. Eta orduan hasi nintzen, baina sokatiran batez ere.
Madrilen jokatutako Hyrox txapelketa irabazi ondoren, AEBetara joateko gonbita jaso duzu orain...
Bai! Gustura joango nintzateke Las Vegasera maiatzean, bertan jokatuko baita mundu osoko txapelketarako sarrera. Baina txertatuta egotea beharrezkoa izatea eskatzen badute ez naiz joango. Argi daukat hori; ni hortik ez naiz pasako. Ni ez banoa, horregatik izango da. Informatuko naiz ea posiblea den izena ematea eta lehiatzea txertoa jaso barik, zeren, agian, PCR batekin nahikoa izan liteke; hala balitz joango naiz, bai, bestela, ez.