Lope de Vegako auzia

Dozenaka lagun batu dira gaur Lope de Vega kaleko eraikinak hustearen kontra

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 26a, 10:10

Goizean goizetik batuta daude dozenaka lagun Ibar Nagusien Etxeak deitutako mobilizazioan.

Dozenaka lagunek igaro dute gaua Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinetan. Asmoa da Getxoko Udalak ezarritako hustuketa ekiditea. Izan ere, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) gaur, uztailak 26, jarri zuen horretarako epemuga, eta, horretarako, beharrezkoa balitz, Ertzaintza bidaliko zuela ohartarazi zuen. Ibar Nagusien Etxea elkartekoek, bitartean, errekurtsoa jarri dute epaitegietan agindu horren kontra.

Ekainaren 24a lehen, eta uztailaren 26a orain. Bi egun ezarri zituen Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinak husteko epemuga gisa. Eguna heldu da, eta, behin baino gehiagotan agindu bezala, azpiegitura euren kabuz utziko ez dutela ohartarazi dute Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek. Are, joan den barikuan, hilaren 22an, eraikinok hustu eta eraistearen kontrako errekurtsoa jarri zuten auzokideek, eta horren emaitzaren zain bertan jarraituko dutela azpimarratu dute.

Udal-agintariek eraikin horiek utzarazteko aginduan iragarri zuten herritarrek euren kabuz azpiegiturak utziko ez balute Ertzaintza bidaliko luketela eta, hori dela eta, elkarteko kideek gaua pasatu dute bart gaur goizean zer gerta zitekeenaren zain. Paco Rama Ibar Nagusien Etxeako presidenteak azaldu duenez, jende asko batu zaie, "eta ez bakarrik elkartekoak, auzoko jendea ere etorri da, gurekin bat egin duten gazteek ere igaro dute gaua hemen".

Goizeko 08:00ak aldera, inguruko jendea ere batu da erresistentziara, eta egun osoan zehar aurreikusitako hainbat aktibitate egingo dituzte jardunaldia dinamizatzeko, hala nola igel-toka txapelketa, petanka eta xake jolasak. Eguerdian, herri-bazkaria egingo dute, eta arrastian bingoan aritu eta jai txiki bat ere egingo dute. Iluntzean, zaintzan geldituko da beste talde bat eta, Ramak aurreratu duenez, gaua igaroko dute bertan ere; "egoerak aurrera egin ahala gauzak zelan daudenaren arabera erabakiko dugu aurrerantzean zer egin".

Eraisketari Ez - Romo plataformak ere bere elkartasuna adierazi die Ibar Nagusien Etxea elkartekoei, eta azaldu dute horiek antolatutako ekintzetan parte hartuko dutela, Udalak hartutako erabakia "neurriz kanpokoa delako". Era berean, Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote herritarren iritziak errespeta eta eraikinak mantendu ditzatela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun