Itsasontziz, Bilboko Pio Baroja plazako pantalanetik Itzubaltzeta/Romora arteko zeharkaldia egin zuen Amaiajaia izeneko pertsonaiak. Getxon, Eraisketarik Ez - Romo Plataformak egindako elkarretaratzean parte hartu zuen, Lope de Vega kaleko udal-eraikinak, nagusien etxea eta euskaltegi zaharra hartzen zituztenak, eraistearen kontra.
Protestaldian, Getxoko Udaleko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), "euren makurkeriaz" auzoa "galbidera" daramatela salatu zuten Romo Plataformako kideek. Izan ere, gogoratu dutenez, Ibar Nagusien Etxeko kideak eraikinetik bota izana Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak botatzeko aurreneko urratsa baino ez da.
Plataformako kideek nabarmendu zuten eraikinok eraitsita, herriari eremu berreskuraezina kenduko zaiola, "herriko kultura- eta elkarte-jardueraren zentroa izan baita historikoki". Horren ordez, Bizkai osoko pertsonei zerbitzua emango dien belaunaldien arteko zentro bat eraikitzeko proiektua garatu gura dute, "baina hori goraipatzen duten pertsonek euren etxe aurrean ez dutela nahi azpimarratu dute".
Horren aurrean, nabarmendu zuten herritarrek eraikinak ez botatzeko erakutsitako borondatea, bai joan den maiatzaren 8ko herri galdeketan, bai ekainaren 22ko manifestazioan zein urteetan zehar egindako mobilizazioetan ere. Hala, plataformako kideek herritarren borondatea errespetatzeko eskatu zioten zapatuan berriro ere udal-gobernuari, Amaiajaiaren irribarrearen pean.