Lope de Vegako auzia

Nagusien Etxearen eraisketa berehalakoa izan daiteke

Ander Zarraga 2022ko abu. 17a, 13:36

Goizetik Ertzaintzako eta Getxoko Udaltzaingoko agenteek Lope de Vega kaleko eraikina zigilatu dute. GETXOKO EH BILDU

Gaur goizean, Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak Itzulbatzeta/Romoko Lope de Vega kaleko eraikina hesitu dute eta beharginak eraisketa prestatzeko lanei ekin diete. Horren aurrean, hainbat herritar bertaratu dira protesta egiteko, eta, lekuko batzuek jakinarazi dutenez, agenteek hainbat bizilagun identifikatu dituzte argazkiak ateratzen saiatzeagatik.

Eraikinaren eraisketa berehalakoa izan daitekeela ohartarazi du Paco Rama Ibar Nagusien Etxeko presidenteak; izan ere, gaur goizeko 06:00ak inguruan, Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoko agenteak bertaratu dira eta Nagusien Etxeko inguruko kaleak blokeatu eta aldamenean aparkatuta zeuden autoak kendu dituzte udal-garabi bategaz. Gainera, agenteak eta udal-langileak eraikinera sartu eta ateak xafla batzukaz hormatu dituzte, eta Redenor enpresako beharginak eraikinaren inguruan egon dira hori hesitzeko lanetan.

Horren aurrean, dozenaka pertsona bertaratu dira goizetik eta eraisketaren aurka daudela adierazteko protesta zaratatsua egin dute. Kazolen, txilibituen eta danbor hotsen artean eraisketaren aurka eta Nagusien Etxearen aldeko aldarriak oihukatu dituzte. Lekuko batzuek jakinarazi dutenez, Ertzaintzak bertan zeuden hainbat herritar identifikatu ditu, gertatzen ari zenaren argazkiak ateratzen saiatzeagatik.

Getxoko Udalaren asmoa da eraikina hustu eta eraistea, Bizkaiko Foru Aldundiagaz onartu duten belaunaldien arteko zentro bat eraikitzeko proiektuagaz jarraitzeko.

Errekurtsoa ebatzi gabe

Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) uztailaren 26a baino lehen Nagusien Etxetik alde egin behar zutela jakinarazi zien erabiltzaileei; gainera, hala egin ezean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra bidaliko zutela ohartarazi zien. Hala ere, Ibar Nagusien Etxeko bazkideak abisu horren aurka azaldu ziren, eta erabaki zuten ez zutela eraikina euren kabuz utziko.

Era berean, epaitegietan errekurtsoa jarri zuten Udalaren erabakiaren aurka. "Errekurtso hori oraindik ebatzi gabe dago, beraz, uste dugu babes judizialpean gaudela", azaldu du Ramak. Hori dela eta, elkarteko presidenteak iragarri du gaur bertan salatuko dituztela Udaltzaingoaren burua eta Getxoko Udala, "legez kanpoko jarduera baten aurrean gaudela uste baitugu".

Bestalde, Udalak "legezko epeak" bete dituela adierazi du udal-titulartasuneko eraikina berreskuratzeko. Horrenbestez, udal-beharginak eta belaunaldien arteko zentro berriaren obrez arduratuko den enpresako langileak eraikinera sartu dira hori eraisteko beharrezkoak diren lanei ekiteko.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun