Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxearen aldeko manifestazioan parte hartuko du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 2a, 12:29

Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak babes eta elkartasun osoa adierazi die Itzubaltzeta/Romoko adineko pertsonei, pentsionistei eta auzoko bizilagun guztiei, "Nagusien Etxea mantentzeko eta eraikina eraistearen aurka egiten ari diren borroka bidezko eta legitimoaren alde". Hala, gaur, barikuan, Lope de Vega kaletik abiatuko den mobilizazioan parte hartuko dutela iragarri dute, 19:00etatik aurrera.

Ohar baten bidez Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak gogoratu du Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxea eraistearen auzia "bidegurutze" batean dagoela, "epaitegiak adinekoek eta pentsiodunek beren topagunea, giza harremanak eta adinekoentzako eta beste kolektibo sozial batzuentzako ekimen ugari bultzatzeko tokia ez eraisteko egindako eskaera onartu ala ez erabaki arte, edo, aitzitik, Getxoko Udalak 1.600 pertsonen harremanetarako eta sozializatzeko eraikina eraisteko eta likidatzeko jarritako errekurtsoari babesa eman arte".

Azpimarratu duenez, urteak dira auzoko adineko pertsonak eta pentsiodunak, baina baita inguruko beste kolektibo sozial batzuk ere, Lope de Vega kaleko udal-eraikinak eraistearen kontra daudela. Gainera, joan den abuztuan eraikina hesitu eta zigilatu zutenetik, protestak ugaritu egin direla ohartarazi du mugimenduak, hala nola elkarretaratzeak eta Amaiajaiaren ibilaldia Bilbotik Itzubaltzeta/Romora.

Horren ildotik, Bizkaiko pentsionistek gogoratu dute bihar, barikuan, beste mobilizazio bat dagoela iragarrita, eta horretan parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun