Aurrekoetan bezala, norbanakoek ahobizi (ulertzen duten guztiakaz euskaraz uneoro), belarriprest (euskaraz egoeraren arabera) edo irribizi (euskararen aldeko jarrera, nahiz eta ez jakin) izateko konpromisoa hartu ahal izango dute, eta horretarako izena eman beharko dute www.getxoztarrak.eus, udalerriko webgunean edo www.euskaraldia.eus webgunean.
Izen-ematea urriaren 17rako egiten dutenek konpromisoa agerian uzten duen txapa etxera heltzeko aukera izango dute. Gainontzekoek Getxon jarriko diren lokaletan eta mahaitan ere eskuratu ahal izango dute.
Ahalduntze Eskola eta herri batzordeak
Aurtengo berritasuna izango da Getxon, Donostian, Tolosaldea eta Errenterian martxan jarritako esperientzia pilotua, ahobizi konpromisoa hartzen dutenen praktika linguistikoak sendotzera laguntzeko. Hamar saioko proiektu pilotua izango da, eta parte hartu gura duten pertsona interesatuek www.getxoztarrak.eus webgunean eman dezakete izena.
Bestalde, Euskaraldiaren inguruko jarduerak antolatzeko eta bultzatzeko herri batzorde irekiak abian jarriko dira datorren astean Algortan eta Romon.