Joan den abuztuaren 13an, Algortako Portu Zaharreko jaietan eraso bat jasan zuen neska gazte bat artatzea galarazi zutelakoan, Mugimendu Feministako kide bi salatu zituen Ertzaintzak, desobedientzia-larria delitua egotzita. Atzo, Getxoko Epaitegian deklaratu behar izan zuten eta, salatu dutenez, euren jarduna kriminalizatzeko saiakera argia izan da hori.
Militante feministek azaldu dutenez, den-dena “muntai-poliziala” izan da, uneoro ziztaden aurrean Eusko Jaurlaritzak osatutako protokoloa “pausoz pauso” jarraitu zutelako, “Ertzaintzarekin berarekin etengabe koordinaturik”. Hori dela eta, adierazi dute berriro ere ez dutela ulertzen ertzainen jokabidea, “uneoro lankidetzarako prest agertu ginelako eta erasotutako neskaren ongizaterako modurik egokienean aritu ginelako”. Are, azpimarratu dute kudeaketa atzeratu eta egoera gaiztotu zutenak kalez jantzitako poliziak izan zirela kide feministek osatutako “gune seguruan” sartu zirenean.
Horren aurrean, mugimendu feministakoek eskatzen dute gezur horiek guztiak atzera bota ditzatela, joka dezatela arduraz eta bertan behera utz ditzatela gure aurka dituzten karguak. "Une honetan epailearen esku dago prozesuarekin jarraitzea edo hori artxibatzea", azaldu dute. pic.twitter.com/gPD2QAKcwl
— Iker Rincon (@irincon_) November 3, 2022
Epaiketaren egunean, goizeko 09:00etan epaitegien aurrean elkarretaratzea egin ondoren, manifestazio jendetsua egin zuten Algortako erdigunean arrastiko 19:30ean. Mobilizazioaren amaieran, Mugimendu Feministak abuztuaren 13ko gau hartan gertatutakoaren euren bertsioa azaldu zuten, baita Ertzaintzak zabaldutakoa gezurtatu ere. Halaber, azpimarratu zuten Mugimendu Feminista urteak daramatzala jai-eremuak, giroak, txosna-guneak “denok gozatzeko modukoak” izan daitezen lanean, “feminista izan daitezen borrokan, erasoak salatzen, eragile eta elkarteekin gaia lantzen, protokoloak osatzen, proposamenak egiten, espazio askeak sortzen… Eta horrela bihurtu dira txosnak, bereziki, erasoak salatu eta babesa jasotzeko erreferentziazko gune”, azaldu zuten.
Epaiketaren harira, Mugimendu Feministako kideek salatu dute bi hilabete itxaron behar izan zutela jaietako atestatu hura irakurtzeko. Deitoratu dutenez, txostena “gezurrez beteta” dago, eta, ondorioz, uste dute “muntai-polizial” baten aurrean daudela, “Mugimendu Feminista kriminalizatzeko saiakera egitekoa”.
Hala eta guztiz ere, euren bidean jarraituko dutela azpimarratu dute, “guk herri feminista bat eraikitzeko ahaleginetan jarraituko dugu, kaleak betetzen, erasoei erantzuten. Oztopoak oztopo”.