Gaude elkarteko 150 beharginek aniztasun funtzionaleko pertsonakaz egiten dute lan. LABeko bederatzi ordezkarik osatzen dute enpresa-batzordea, eta astelehenean egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, bere hastapenetan, eskuinaldeko eta Uribe Kostako aniztasun funtzionala zuten umeen familien elkarte gisa hasi zen martxan. "Hasieran, boluntarioek egiten zuten lan bertan, eta gerora, langileak kontratatzen hasi ziren, lan baldintzen hobekuntzekin".
Hala ere, atzo elkarteak Getxon duen elkartearen egoitzaren aurrean salatu zutenez, 15 urte daramatzate soldataren % 3,1eko igoera "iraingarriarekin". Gogoratu zuten senideek lagunduak eta babestuak izaten jarraitzen dutela, "langileon eros ahalmenaren ia % 30aren galera izanda ere. Kalitatezko zerbitzua ematen duen taldeak guztiz prekarizatuta jarraitzen du".
Are gehiago, salatu zuten familien elkartea izan zena, gaur egun, gutxi batzuek Aldundiaren diruari etekina ateratzeko asmoagaz sortutako enpresa bilakatu dela. Ildo horretan, hitzarmenak bere indarraldia galdu zuen 2019ko abenduan, eta, ordutik, langileek soldata igoera duin bat eta hobekuntza sozialak negoziatu ezinean daudela deitoratu zuten: "Haien aitzakia da Bizkaiko Foru Aldundiak ez diela diru gehiagorik ematen".
LAB sindikatuko ordezkariek agerraldian azpimarratu zutenez, "egoera zaila sortzen du honek langileentzat, soldata eskala bikoitzekin, kontratu mugagabedun langileak lan egutegirik gabe egotea, beste kategorien funtzioak bete behar izatea diru gutxiagoren truke, eta abar". Hala, egoera horren aurrean, bihar, eguaztenean, lehenengo greba eguna egingo dutela iragarri zuten, eta ez dute baztertzen laster greba mugagabea abiaraztea, "langileon egoera benetan larria delako".