Silvia Gago Gaude enpresako behargina eta grebalarietako bat da. Dioenez, elkarte horiek laguntza handiagaz eta boluntarioen lanaren bitartez sortu ziren: "Zerbitzuaren beharrak zirela eta, jendea kontratatu zuten; askotan, akordio pertsonalak eginez, inolako idazkirik gabe. Langile talde txikiak zirenez, inor ez zen kexatzen eta sektore ikusezina ginen". Urteek aurrera egin ahala elkarte eta enpresa horiek hazten joan ziren eta lehen irregulartasunak azaleratzen hasi zirela dio Gagok: "Ez zuten gau-plusik ordaintzen, ez zegoen egutegiri finkorik, urtean ordu gehiago lan egingo zituzten...".
Egoera prekario horren zergatiagatik galdetzean elkarrizketatutako behargin guztiek bat egiten dute adieraztean sektorea erabat feminizatua eta azpikontratua dagoelako dela hori. Gainera, azken urteotan lan-baldintzak okertu zaizkiela deitoratu dute. Gorabiden lan egiten duten Begoñe Markina Andueza eta Isasi Kastresana Gandariasbeitiak arlo horretako beharginen sentimendu orokorra horrela laburbildu dute: "Oso erreta gaude eta gutxietsiak sentitzen gara".
Fekoor enpresan lan egiten duten Susana Ruiz de Tapia, Besty Quintas eta Maitane Aguilerak azpimarratu dute sektoreko langile gehienak emakumeak direnez, beraien lana inoiz ez dela "baloratua ezta erregularizatua izan". Nabarmendu dutenez, sektoreko enpresa gehienak pribatizatuta daude, eta lan-baldintzen prekarizazioa eta zerbitzuaren kaskartzea da horren ondorioetako bat. Ildo berean, Apnabi enpresako Iñigo Brullek adierazi du erabat azpikontratatutako sektorea dela, "lehentasuneko eta funtsezkoak diren zerbitzuak merkantilizatuak izan dira". Egoera horren ardura zuzena Bizkaiko Foru Aldundiarena dela ebatzi du, "hala nahi izan dutelako".
Hitzarmena berritu gabe
Besteak beste, dibertsitate funtzionala duten pertsonakaz lan egiten duten langileen lan-baldintza minimoak bermatzea ekarriko luke lan-hitzarmenak eguneratzea. Gizartearen eta erakundeen aurrean sektore moduan beraien lana ikusaraztea lagunduko lukeela diote Gorabideko beharginek. Horren harira, Gagok dio Bizkaia mailako hitzarmen batek langile guztien baldintzak parekatuko lituzkeela, guztiak ez baitaude egoera berean.
Hala ere, Markinak eta Kastresanak diotenez, sektoreko enpresa guztietako beharginek dituzte arazoak lan-hitzarmenak berritzeko. Gainera, enpresei eta elkarteei hori berritzeko eskatzen dietenean mespretxuak jasotzen dituztela deitoratu dute: "Barre egiten digute, hitzarmenetik kanpo soldata neurrigabeak dituzten gero eta lanpostu gehiago sortuz, baina aurrezteko momentuan beti murrizten dituzten langileon baldintzak".
Apnabin lan-hitzarmena berritzeko hainbat oztopo dituztela ere dio Brullek: "Hitzarmen kolektiboa borrokatzeko milaka oztopo jartzen dizkigute: batetik, enpresaren testuinguruan planteatzen ditugun eskaera guztiei ezetz esanez, eta, bestetik, herrialdeko hitzarmen kolektiboari begira, elkarteek ez dutela negoziatuko esanez".
Gaude elkartean 2019tik hitzarmen barik daudela dio Gagok. Horren eraginez soldatak izoztuta dituzte duela hiru urtetik, eta, nahiz eta zerbitzu askotan lan-karga areagotu, ez dute inolako saririk jaso, eta, ondorioz, euren lan- eta bizi-baldintzak eta eros-ahalmena okertu besterik ez dira egin.
Batasun sindikala
Urteetan luzatu diren lan-gatazkak direla eta, aipatutako langileek sindikatuetan bilatu dute laguntza; adibidez, lerrootan elkarrizketatuek LAB sindikatuaren bitartez egin dituzte euren aldarrikapenak. Markinak eta Kastresanak azaldu dutenez, orain arte "borroka indibiduala zen, eta komunikazioa bagenuen ere, ez geunden hain antolatuta".
Gainera, sindikatuakaz elkartzeak "sektorea ahalduntzea eta langileen artean kohesioa egotea" ahalbidetu diela azaldu du Apnabiko langileak. Horrez gain, denek azpimarratu dute batasunari esker, sektore moduan ikusgarritasuna ere irabazi dutela, baita oihartzun mediatikoa ere.
Horren aurrean, sektoreko enpresak "deseroso" daudela diote langileek. "Ahulagoak gara bakarrik, eta horrela mantendu nahi gaituzte", erantsi dute Gorabideko langileek. Zentzu horretan, erakunde publikoak "desagertuta" daudela deitoratu dute denek.
Hori guztia kontutan hartuta, eta arazoa konpondu ezean, elkarrizketatutako langileek argi daukate borrokan jarraituko dutela. Gaude enpresan lan egiten duen Gagoren esanetan: "Gero eta lankide gehiago gara eta lan- eta bizi-baldintza duinen alde borrokatu nahi dugu". Fekooreko beharginek ere hori berretsi dute: "Oso argi dugu borroka egitea daukagun markorik indartsuena eta bakarra dela".