Lope de Vegako auzia

Elkarrekin Podemos-IUk azalpenak eskatu ditu Itzubaltzeta/Romoko protestetan Ertzaintzaren "neurrigabeko jokabideagatik"

Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 15a, 19:18

Atzo goizean izandako protesta.

Elkarrekin Podemos-IU koalizioak premiazko eskaerak erregistratu ditu gaur Getxoko Udalean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean atzo eta gaur goizean Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalean, nagusien etxea izandakoaren aurrean, bizi izandako polizia-ekintza "basati eta oldarkorren" harira. Getxoko kasuan, tokiko EH Bilduk ere gaia proposatu zuen Bozeramaileen Batzordean eztabaida zedin.

Getxoko Bozeramaileen Batzordean, talde morea gai hori urgentziaz aztertzen saiatu da, tokiko EH Bildugaz batera, koalizio abertzaleak hala proposatuta. Bilkura horretan, Elkarrekin Podemoseko iturriek azaldu dutenez, adierazpen instituzional bat egiten saiatu dira poliziaren jarduera "basatiak" gaitzesteko, eta azalpenak eskatzen gobernu-taldeari (EAJ eta PSE-EE). Hala ere, deitzaileek deitoratu dutenez, agintariek uko egin diote gaia jorratzeari eta ez dute gai-zerrendan sartu, deskribatutako gertaerakaz bat ez zetozelakoan.

Ildo horretan, Paula Amieva Getxoko taldeko zinegotzi-bozeramailearen ustez, gaur jazotakoa "herritarrenganako, oposizioarekiko eta gertakari larrien aurrean izan den gardentasunarekiko errespetu falta izan da, gertakari horietatik aldendu baitira eta pisua kentzen saiatu baitira". Hala, Amieva kezkatuta agertu da Jaurlaritzak Itzubaltzeta/Romoko gatazka horri irtenbidea bilatzeko asmorik ez duelakoan; "izan ere, gatazka denboran luzatzen ari dela erakusten du, gero eta ondorio larriagoekin".

Koalizio moreak azpimarratu du protestetan parte hartu duten poliziek manifestariei eraso egin dietela eta indarkeriaz jokatu dutela. "Manifestazio gehienak nagusien etxea zegoen eraikin historiko hori berehala eraisteko protestan ari ziren adinekoek egin dituzte, eta hainbat pertsona zauritu dituzte, besteak beste, bere lanbidean ari zen kazetari bat, garuneko kontusio baten ondorioz osasun-zentro batera eraman behar izan duten pertsona bat eta, gainera, pertsona bat atxilotu dute", zerrendatu dute.

Bestalde, Xabier Benito batzarkidearentzat esku-hartze onartezina eta neurrigabea izan da Ertzaintzarena, zauritutako eta kaltetutako pertsonen artean poliziak bortizki bultzatu zituen 65 urtetik gorako bizilagunak daudelako, "baita borrakaz eta ezkutuakaz arrazoirik gabe kolpatu ere". Horregatik, eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan polizia-egintzak kondenatzea eta eraispen-lanak berehala geldiaraztea, abian den prozesu judiziala errespetatuz, belaunaldien arteko zentroaren proiektua beste kokapen batean birformulatzeko.

Eusko Legebiltzarretik, koalizioak idatziz erantzuteko galdera bat erregistratu du gaur goizean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean gertakari horiei buruzko azalpenak eman ditzan. "Nagusien etxea hustean adineko herritarren aurka egindako polizia-jarduera neurrigabea ikusita, azalpenak eskatuko dizkiogu sailburuari, eta, egokiak ez badira, dagokion tokian egiten jarraituko dugu, Osoko Bilkuran edo Batzordean", Miren Gorrotxategi bozeramaileak ziurtatu duenez.

Bestalde, Iñigo Martinez legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarrean eskari hori defendatuko duenak, azpimarratu du herritarren mobilizazio baketsuei erantzuteko zenbait jarrera polizial aldatu behar direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun