Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu dute gaur, Getxoko osoko bilkuran, salatzeko joan den astean Itzubaltzeta/Romon bizi izandako Ertzaintzaren “bortizkeria”. Koalizio biek azaldu dutenez, otsailaren 14tik aurrera, hainbat auzokide batu dira egunez egun Lope de Vega kalean 12 zenbakiko eraikinak babestearen alde. Azpimarratu dute “erresistentzia baketsua” izan dela beti eta, hala ere, ertzainek hainbat pertsona atxilotu eta kolpatu dituztela egunotan, tartean, HIRUKA komunikazio-taldeko kazetaria. Hori dela eta, udal-talde biek gertakari horiek publikoki salatzeko eta gaitzesteko eskatu gura izan diote Udalari, “udalerrian gertatutakoa onartezina delako eta horri irmotasunez erantzun behar diogulako”.
Paula Amieva Elkarrekin Podemos udal-taldeko bozeramaileak irakurri du mozioa, eta, ondoren, gainontzeko taldeek hartu dute hitza. Eztabaida sutsua izan da, eta hainbat herritarrek gobernu-taldeak esandakoak eta egindakoak errefusatu dituzte, Carmen Diaz eta Keltse Eiguren zinegotzien hitzartzeak oztopatzeraino. Hori dela eta, isiltasuna eta errespetua behin baino gehiagotan eskatu ondoren, Amaia Agirre alkateak osoko bilkura jarraitzen ari ziren herritar eta udal-langile guztiak kanporatu ditu.
Eztabaidan, Amievak azpimarratu du gobernu-taldeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordatutako belaunaldien arteko zentroa beste leku batean eraiki daitekeela, hala nola Areetako Telefonicako eraikinean, “handiagoa eta modu erraz batean eskuratu daitekeena”. Izan ere, gogoratu duenez, Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen eraisteak “ezinegona eta krispazioa besterik ez dute sortzen ari”.
Bere aldetik, Carmen Diaz zinegotzi sozialistak azaldu du bere taldeak ez duela mozioa onartuko, horretan aurkeztu den errelatuagaz bat ez datorrelako. “Argi dago egoera jasanezina dela, tentsioa bizi dela auzoan, baina mozioan aurkeztutako interpretazioa partziala eta subjektiboa da. Ertzaintzak bere lana egin du, eta hori da Azpiegiturak enpresako langileen jarduna babestea”, esan du. Horren harira, azpimarratu du inork ertzainen jarduna legez kanpokoa izan dela iritzi badu, dagokion lekuan salatu beharko lukeela: “Hemen gaudenok ez dugu horretarako eskumenik. Ez dugu ezer baloratuko, epaileek ebatsi beharko dute hori”.
Interbentzio horretan, nagusien etxea eta gaztetxea izandako eraikinak babestearen aldeko hainbat herritar oihuka hasi dira, Diazek esaten ari zena “gezurra” zela esanez. Jarraian, Agirre alkateak isiltasuna eskatu du, eta, hala jarraituz gero, herritarrak kanporatuko dituela mehatxatu du.
Jarraian, Mikel Bildosola EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza, eta irakurketa luze batean, eraikinotan bizi izandako kontakizunak zerrendatu ditu, pertsona nagusi zein gazteek bizi izandakoak, bota gura dituzten eraikinak daborduko belaunaldien arteko gune berezi bat zela irudikatuz.
Eduardo Andrade PPko bozeramaileak, bere aldetik, deitoratu du EAJren estrategia zelai errearena dela, “aurretik Romo Kultur Etxea eraikitzeko egin izan zuten bezala. Hau da, lehenengo bota eraikina, hauteskundeen aurretik, emaitzek proiektua geldiarazteko aukerak ekiditeko”. Era berean, afera honetan gatazkak konpontzeko alkateak izan duen “maila eskasa” salatu du: “Gatazka bat modu askotara konpondu daiteke, kolpeka hasi aurretik”. Ildo horretan, gogoratu du ertzainek aginduak besterik ez dituztela bete, eta azpimarratu du haien jarduna “politikariek agindu” dutela.
Popularrari erantzunez, Keltse Eiguren EAJko zinegotziak eta alkateordeak salatu du egunotan Itzubaltzeta/Romon bizi izandakoa protestetara gerturatutako auzokideen “errua” izan dela, Aldundiak bidalitako Azpiegiturak enpresako langileen jarduna galarazi gura izan zutelako “indarkeriaz”: “Ertzaintzak modu lasaian aurre egin zion egoerari, eta ordu bi baino gehiago behar izan zituen langileon sarrera eta segurtasuna bermatzeko. Horixe da errealitatea, eta kontrakoa gezurra da, egiari faltatzea da”. Halaber, Andraderi erantzunez, Eigurenek gogoratu du polizia-aginduak ez dituztela politikariek egiten, polizia-buruek baizik.
Berba horien aurrean, herritarrak sutan jarri eta oihuka hasi dira, eta gogoratu dute oraindino ebazpen baten zain daudela, eta, hartara, eraisketa “legez kanpokoa dela”.
Eigurenek bere hizketaldiagaz aurrera egiten saiatu da, baina, ezin zuelakoan, isiltasuna gorde du. Une horretan, herritarrek jarraitu dute: “Nahi izan duzuena egin duzue, lotsagarria da!”. Horren aurrean, alkateak osoko bilkuraren aretotik kanporatu ditu herritar guztiak –mozioaren eztabaidaren ondoren, bilkura aretora bueltatzea utzi diete, herritarren galde-eskean parte hartzeko–.
Auzokideak aretotik kanpo zeudela, Eigurenek azpimarratu du “bai ala bai” jarraituko dutela aurrera eraisketagaz, eta belaunaldien arteko zentroaren nondik norakoak gogoratu ditu, baita horren beharra auzoarentzako ere. “Beharrezko lizentzia eta baimen guztiak ditugu, eta aurrera jarraituko dugu; ez ditugu Europatik etorritako diru-funtsak arriskuan jarriko”, azaldu du. Ildo horretan, Diaz zinegotzi sozialistak gogoratu du Europako Next Generation diru-laguntzak bueltatu beharko lituzketela 2024rako obrak exekutatuko ez balituzte.
EH Bilduren txandan, Mikel Bildosolak hartu du berriro hitza, eta, osoko bilkuraren aretotik herritarrak kanporatzea onargarria ez delakoan, udalbatzatik alde egin du bere talde osoak.
Horren aurrean, Eduardo Andrade popularrak adierazi du osoko bilkura eztabaidatzeko gune bat dela, eta horretarako daudela hor; hala ere, ohartarazi du maiatzeko udal-hauteskundeak ate joka daudela eta herritarrek erabakiko dutela zer den gura dutena. Dena dela, eraisketaren kontra agertu da, “ezin delako halako erabaki bat hartu hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago”. Halaber, azpimarratu du EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpenari helegitea aurkeztuta dagoela, eta oraindino ez dagoela “guztizko sententziarik”. Hori dela eta, galdetu du: “Zer gertatuko da sententziak nagusiei arrazoia ematen badio?”.
Eztabaidaren ostean, gaurko osoko bilkuran bizi izandakoak deitoratzeko eta eraisketaren kontrako manifestarien alde egiteko, Elkarrekin Podemoseko zinegotziek aurkezteke zituzten bi mozioak irakurtzeari uko egin eta udalbatza-aretoa utzi dute, aurretik EH Bildukoek egin duten bezala.
Mozioaren bozketaren ondoren, galde-eskeen txandan, kanporatutako herritarrak bilkura-aretora bueltatzea utzi zaie eta, besteak beste, Itzubaltzeta/Romoko eraikinak eraistearen aurkako auzokideek hartu dute parte, euren argudioak azaltzeko eta entzunak izateko. Horiez gain, parte hartu dute udalerriko kale-garbiketako enpresako langile batek, lan-hobekuntzak eskatzeko, eta Endoeuskadi Elkarteko ordezkari batek ere, endometriosiaren gaixotasuna eta haren ondorioak ikusarazteko eta ezagutarazteko.