Lope de Vegako auzia

Lope de Vegako eraikinei "agurra" egin diete auzokideek

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 13a, 09:39

Orain gutxira arte nagusien etxe, euskaltegi eta gaztetxe izandako eraikinen ezer gutxi ikus daiteke daborduko Lope de Vega kalean. Azpiegituron eraisketaren kontrako askotariko protestak egin izan dituzte urteotan auzoan, eta, azkena, atzo, domekan, eraikinoi "agurra" egiteko ekimen baten bitartez.

Joan den otsailaren 20an abiatu zituen Azpiegiturak enpresak Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko eraikinak botatzeko lanak, aurreko astean auzokideek lanok abiatzea ekiditeko hainbat protesta egin eta gero. Hondeamakinek abiadura bizian eraitsi dituzte lokalak, eta, daborduko, nagusien etxe, euskaltegi eta gaztetxe izandakoak adreilu-anabasa bihurtu dira.

Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak belaunaldien arteko zentro berri bat eraiki gura dute lursail horretan, baina eraikinetako bat erabiltzen zuen Ibar Nagusien Etxeak eta hainbat auzokidek proiektu hori bertan egitearen kontrakotasuna agertu dute behin eta berriro, baita Udaleko oposizioko taldeek ere.

Protesta egiteko, askotariko mobilizazioak egin dituzte auzoan urteotan, bereziki otsailaren erdialdean, eraiste-lanak ekiditen saiatzeko asmoz. Hala ere, Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinek iragarritako heriotza bat idatzita zuten, eta horiei "agurra" egin zieten dozenaka auzokidek atzo, domekan.

Ibar Nagusien Etxea elkarteak eta Romo Plataformak deituta, Santa Eugenia plazan batutakoek euren "tristura, mina, amorrua, inposizioa eta ezintasuna" agertu zuten, "tokiko ondarea, historia eta nortasuna suntsitu" delakoan. Hala, Amaia Agirre alkatearen eta Carmen Diaz zinegotziaren dimisioak eskatzeaz gainera, Gaixoa ni kanta abestu eta omenaldi xumea egin zieten botatako eraikinei.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun