Bigarren aldiz izendatu zaituzte alkate; zelan sentitu zara berriro ere aginte-makila eskuetan eduki izanagaz?
Aurrekoan bezala, ohorea eta ardura dira oraingoan ere sentimendu nagusiak. Ohorea Euzko Alderdi Jeltzalearen Getxorako proiektuaren buru izateaz, eta ia 12.000 getxoztarren atxikimendua jasotzeaz. Eta ardura Getxoren eta Getxoko bizilagunen bizitzak hobetzeko egitasmoak datozen lau urteetan aurrera eraman eta lanik onena garatzeko.
Esperotako emaitzak lortu dituzue maiatzaren 28ko azken hauteskundeetan?
Beti emaitza hobeak ateratzea espero dugu hauteskundeetara aurkezten garen alderdi politiko guztiok. Hala ere, EAJ-PNVk gehiengo nagusia dauka Getxon, eta udal-gobernua aurrera eramateko ardura ere.
Daborduko badakizue zer-zelako banaketa izango duen gobernu-taldeak eta zeinek hartuko duen ardura bakoitza?
Gobernua antolatzekotan gabiltza, baina ekainaren amaiera arte zehaztasunak erabakitzen arituko gara.
Zeintzuk helburu jarri dizkiozu zure buruari hurrengo lau urteetan alkate gisa?
Alkate baten helburuak bere herritarren bizi kalitaterik hoberena garatzea eta gizarte kohesionatu, jasangarri eta aurreratua bermatzea dira. Herritarrekin egunero lan egitea Getxorik onena bihurtzen lan egiteko zintzotasuna eta gertutasuna balio nagusi izanik.
Zeintzuk dira Getxok dituen erronka nagusiak eta zeintzuk izango dira horiei heltzeko zure estrategiak?
Hauteskundeen aurretik HIRUKArekin izan genuen elkarrizketan azaltzen genituenak: Getxo Sozialki kohesionatua eta belaunaldien artekoa bermatzea; baita aukera-sortzailea Martiturri enpresa-parkea bultzatuz ere, enplegu erakargarria, kalitatekoa eta Getxorako talentua ekartzen duten balio erantsi handiko enpresak ezartzeko. Esan genuenez, gure apustu garbia etxebizitzaren alde dago, batez ere gazteei zuzendutako Etxebizitza Plan berriaren bitartez.
Mugikortasun iraunkorreko erreferentea izaten jarraitzea, edota ingurune naturalarekiko begirune eta errespetua bultzatzea ere badira erronka bereziak.
Nola ez, kirola eta kulturan, bai herriko elkarte eta eragileekin lan egitea, eta aldi batera abangoardiazko eskaintzak bermatzea ditugu lan nagusiak gure konpromisoan.
Aipatu genuen ere, eta herritarrek oniritzia azaldu dute xarma handiko merkataritza-plaza bultzatzeari, eta baita ere Getxo berri hau osatzen duten kulturen arteko elkarbizitza lantzeko ekimenei.
Nola sustatu gura duzu herritarren parte-hartzea eta gardentasuna udal-gobernuaren erabakietan?
Ohitura berezia dauka Getxok bai parte-hartze baita gardentasuna garatzen ere, eta nazioarteko elkarteek honi errekonozimendua ere eman diote. Gure proiektu ia gehienetan, guztietan ez bada ere, parte-hartzea izaten da abiapuntu berezia; izan da eta izaten jarraituko du. Eta Getxoko Udalak gardentasun maila nagusienetarikoa azaltzen du urtero egiten diren balorazioetan. Beraz, harro esan dezakegu honetan aitzindari garela.
Zein da zure jarrera ingurumenari dagokionez eta zein dira udalerrian jasangarritasuna sustatzeko ezarri gura dituzun ekintzak?
Euzko Alderdi Jeltzaleak, Getxon ere, konpromiso nagusia du ingurumenaren jasangarritasuna. Hori argi dugu getxoztar gizarteari agertu berri diogun eskaintzan: HAPOaren berrikuspenean zehaztutako ingurumenaren araberako bermearen konpromisoan eta baita ere auzoak hirigunearekin bateragarri bihurtuz eta baliabide eskuragarriak modu egokiagoan aprobetxatzen dituen udalerri-eredu baterantz abiatuz. Gure hauteskunde programan argi azaltzen da Azkorriko birika naturala zaintzeko hitza eta ekonomia zirkularrarekin garatzen dugun konpromisoa: murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea Larrañazubiko Biolehortze Plantaren bidez.
Maiatzean hitz egin genuenez, mugikortasuna bultzatzearekin batera, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ahaleginduko gara, eta honen inguruan, Mesedeetako aparkalekua handitu edota hiri-autobuseko proiektu pilotua bultzatzea dira egitasmo berezienak, beti bidegorri berriak eginez eta hiriguneak erdi-oinezko bihurtuz.
Zein neurri hartuko dituzu herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, hala nola hezkuntzan, osasunean eta enpleguan?
Getxo bizi, lan egin eta gozatzeko hiri erakargarria izateko konpromisoa azaldu genuen orain dela lau urte, eta oraingoan hori sakontzeko hitza eman diegu gure herritarrei. EAJ-PNVk hauteskundeetara aurkeztu duen programak horretarako hainbat neurri azaltzen ditu gure Udalak lanean diharduen arlo guztietan. Eta zuk azaltzen dituzun osasun, hezkuntza eta enplegu arloan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzak diren arren, beti egongo gara eta gaude Udaletik herritarrentzat onuragarriak diren programetan parte hartu eta laguntzeko.
Gertura begira, proiektu berezirik duzu buruan?
Gertura begira Getxoko udal-gobernua eratu eta antolatu, hala legealdi plana delakoa zehaztu, lau urtetarako betekizunak ondo prestatu eta lanean jarraitzea dira helburu nagusiak. Guretzako, proiektu bereziak getxoztar bizilagunen bizimodua hobetzeko guztiak dira.
Oraingoan, gehiengo osorik ez duzue lortu gobernatzeko, beraz, oposizioagaz hartu-emanean ibili beharko zarete erabakiak hartzeko. Zelan aurreikusten duzu gainontzeko taldeekiko harremana?
Ondo, betiko moduan. Orain arte, gehiengo absolutua izan dugun arren aurreko legealdian, Getxoko udalbatzan izan diren alderdi guztiekin lortu izan ditugu aldizkako akordioak gai desberdinen inguruan, eta orain ere, agintaldi berri honetan, alderdi guztiekin akordioak bilatuko ditugu. Uste dut Euzko Alderdi Jeltzaleak akordioen bilatzean duela bere funtsetariko nagusi bat.
Besteak beste, PSE-EE alderdiagaz akordioa berretsi duzue gobernatzeko. Zelako harremana duzue sozialistakaz?
Sozialistekin harreman ona daukagu, oso ona egia esanda. Nik behintzat, bai zinegotzi izan nintzenean, baita alkate naizenetik, harreman ona izan dut alderdi sozialistako lankideekin, bai politikoki, baita pertsonalki ere.