Andramari Kortiñe auzo elkarteko kideek argi adierazi dute "atsekabetuta" sentitzen direla Getxoko Udalagaz izandako bilerak eta gero. Izan ere, hainbat segurtasun neurri proposatu zituzten Aixerrota zelaiko eremu osoa babesteko eta "ingurumenean sortu daitezkeen kalteak minimizatzeko", eta, horren aurrean, Udalak proposamen guztiak gaitzetsi dizkie.
Besteak beste, hauek dira elkarteak planteatutako neurriak: Udalak bere aldetik garbiketa-selektiboa egitea, hala nola sastraken barruko garbiketa, zuloak konpontzea, eta kristalen, zementu-blokeen eta beste askoren berrarmatzea; ebakuazio-bideak paellen aurreko egunean egitea, hala, ekiditeko ibilgailuak zelaian etengabe sartzea; arau edota gomendio argiak ematea kuadrillei Aixerrotako zelaiari buruz, modu horretan, eremu natural eta babestuaren inguruko kontzientzia zabaltzeko; hurrengo edizioetarako, auzokideen parte hartzea bermatzea Udalak kuadrillakaz antolatzen dituen bileretan, betiere behar besteko aurrerapenagaz, hala, eragile guztientzako egokiak diren neurriak adosteko; eta, azkenik, beiraren erabilera debekatzea, kuadrilla guztiei plastikozko edalontziak doan emanez.
Halaber, elkarteak argitu du euren helburua dela jai hauen segurtasuna bermatzea, baita ingurumena babestea ere: "Gure eskualdean oso errotuta dauden jai herrikoi hauen alde gaude, zalantzarik gabe. Aitzitik, era berean, gure udalerrian ingurumena babesteko dugun konpromisoa argi utzi gura dugu, eta, zehazki, aisialdirako eremu pribilegiatu honetan. Izan ere, eremu honetaz ez dugu soilik herritarrok gozatzen; asteburuetan lagun asko ere etortzen dira inguruaz disfrutatzera".