Euskarazko tailerrak "kostata" betetzen direla eta eskaintza egiteko lizitatzaileak aurkitzeko arazoak daudela azaldu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 12a, 11:59

Kultur Etxeko euskarazko ikastaroen artean dago bitxigintza eta dantza garaikidea.

Getxoko udal-arduradunek azaldu dute udalerriko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartzen dutela Jabekuntza Eskolaren tailer eskaintza egiteko, eta azaldu dute gaztelaniazko ikastaroak osorik bete ohi diren bitartean euskarazkoak "kostata" bete edo plaza libreak geratu ohi direla. Kultur Etxeko eskaintzari dagokionez, berriz, zerbitzua lizitazio bidez egiten dela jakinarazi dute, eta orain arte euskarazko tailerren zerbitzua onarpen eskasa izan dutela lizitatzaileen artean. Hala azaldu diote HIRUKAri Getxoko EH Bilduk euskarazko eskaintza eskasa salatu ondoren.

Aurtengo ikasturterako Getxoko Udalak antolatutako ikastaroetan euskara "baztertuta" dagoela salatu zuen joan den astean tokiko EH Bildu taldeak. Izan ere, Getxoko Kultur Etxeak eskainitako 15 ikastaroetatik soilik bi dira euskaraz, eta Jabekuntza Eskolaren kasuan, 14 ikastarotik beste bi.

Horren aurrean, Udalari galdetuta, arduradunek HIRUKAri azaldu diote Getxoko Udalaren zeharkako helburua dela euskararen erabilera sustatzea, "indarrean dagoen Euskararen Erabilera Planak jasotzen duen bezala", eta horregatik eskaintzen direla ikastaroak bi hizkuntzetan, gazteleraz eta euskaraz, hain zuzen.

Jabekuntza Eskolaren eskaintzari dagokionez, azaldu dute horren helburua dela historian zehar baztertuak izan diren emakumeen partaidetza politikoa eta soziala sustatzea. Hala, azpimarratu dute horren abiapuntua dela prestakuntza-, topaketa- eta hausnarketa-guneak sortzeko beharra, "emakumeok jasaten ditugun desberdintasun- eta diskriminazio-egoerei buruzko kontzientzia sortzeko eta emakumeen parte hartzea bultzatzeko". Deskribatutako helburuak kontuan hartuta, eskaintzan udalerriko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartzen dutela nabarmendu dute. Ildo horretan, gaztelaniaz proposatutako ikastaroak osorik bete ohi direla eta itxaron-zerrendak ere sortzen direla adierazi dute; aitzitik, euskaraz eskaintzen diren ikastaroak betetzea "kostatzen" dela eta plaza libreak geratu ohi direla.

Getxoko Kultur Etxeko tailerrei dagokienez, zerbitzu hori lizitazio bidez eskaintzen dela azaldu dute arduradunek. Gogoratu dutenez, 2021ean, pleguetan euskarazko askotariko 12 tailer sorta eskaini ziren, "baina ez zen proposamenik jaso; ondorioz, kontratazioa zuzenean egin behar izan zen kontratu txikiaren bidez". Tailer batzuetan, gainera, 2021ean eta 2022an gutxieneko ikasle kopururik egon ez zirela deitoratu dute.

Aurten, iturrien arabera, euskarazko tailerretarako berezko lizitazioa jarri du abian Getxoko Kultur Etxeak: "Hiru sorta eskaini dira, guztira 9 tailer emateko. Sorta baterako proposamen bakarra jaso da, eta gainerako bietarako ez da proposamenik jaso". Hala, azaldu dute Kultur Etxeak beste lote bat kontratatu duela kontratu txiki baten bidez eta, ondorioz, 2023an bi tailer emango direla euskaraz.

Kontuak horrela, udal-arduradunek nabarmendu dute Kultur Etxeak pleguetan egiten duen eskaintza "jasotako proposamenak baino handiagoa" dela eta orain arte euskarazko tailerren zerbitzua "onarpen eskasa" izan dutela lizitatzaileen artean. "Bestalde, prezioak behar bezala eguneratzen dira, eta, lizitazioa ireki aurretik, Kultur Etxeak horren berri ematen du balizko interesdunen artean. Eskaintza hori proposamenik gabe itxi denean, halaber, tailerrak eskaintzeko interesdunekin ere harremanetan jartzen da, baina orain arte ez da erantzun handirik izan", azaldu dute.

Euskarazko eskaintza

Getxoko Udalak antolatuta, Emakumeen Jabekuntza Eskolak bi tailer eskainiko ditu euskaraz ikasturte honetan: Chi Kung eta Twerk (Booty Dance). Horietan izena emateko epea irailaren 29an amaituko da.

Kultur Etxeari dagokionez, euskarazko eskaintza tailer bira mugatu da: bitxigintza eta dantza garaikidea eta mugimendua. Horietarako izen-ematea irailaren 15ean amaituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun