Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hamaika jarduera antolatu dituzte Getxon

Erredakzioa 2023ko aza. 16a, 09:51

Besteak beste, Su Ta Gar talde mitikoaren kontzertua egongo da gozagai abenduaren 2an.

Euskararekiko konpromisoa eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde egiteko asmoz, "Euskara, jalgi hadi digitalera" lelopean, askotariko jarduerak hartuko dituen egitaraua antolatu dute Getxon bertako Udalak eta entitateek abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta. Hala, besteak beste, umeentzako jarduerak, kontzertuak, antzerkiak, bertso-saioak eta kirol jarduerak egongo dira gozagai.

Antolatutako jardueren artean, Udalak Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak antolatutako Gaitu egitasmoa zabaltzera lagundu gura du. Horregatik, Udalak getxoztarrak animatzen ditu Gaituren webgunean sartzeko eta ahotsa uzteko, "horrela makinek eta baliabide digitalek euskaraz egitera laguntzeko". Ekimen horregaz batera, domeka honetan, azaroaren 19an Bizilagunak bazkariak ospatuko dira Egizu euskara elkartearen laguntzagaz; hilaren 22an, Gehitu Kirola egitasmoaren hitzarmenen sinadura ekitaldia izango da Faduran; azaroaren 25ean eta 26an, Eko-jostailuak eta Bolueko Esploratzaileak jarduerak, hurrenez hurren, Ingurumen aretoan, eta abenduaren 4an, ohiko Trikikantu gosaria eta trikimerienda, Muxikebarri Antzokian. Gainera, Kultur Etxearen eskutik, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da abenduaren 2an, eta Go!azen 10.0 ikuskizuna, abenduaren 10ean,  Muxikebarri Antzokian.

Entitateek antolatutakoen artean, berritasuna izango da "24 ordu igerian euskararen alde", abenduaren 2an, Faduran, Swim Camp elkarteak sustatutako IgeriBizi egitasmoak antolatuta. Horregaz batera, azaroaren 20an, Bertsolari Gazteen BBK sariketa izango da Getxo Elkartegian; azaroaren 23an, Egizuk antolatutako Iratxe Ormatzaren Printzak begietan literatura solasaldia Villamonteko kultur etxean; azaroaren 26an, Kantu kalejira Itxarturekin, Algortan zehar; abenduaren 1ean, Pettiren kontzertua Azebarri kultur elkartean; abenduaren 3an, dantzaldia Algortan zehar, eta abenduaren 10ean, ALBE gala eta Balendin Enbeita Bertsopaper sariketa La Ola jatetxean.

"Euskararen Nazioarteko eguna dela eta Udalak argi eta garbi adierazi nahi du bere konpromiso irmoa. Hau dela eta, datozen egunotan hainbat jarduera antolatu dira; kontzertuak, dantza, bertso edota topaguneak. Aurten erronka berri bat dugu; guztion artean adimen artifizialari euskaraz hitz egiten irakastea Gaitu programaren bitartez. Hala, getxotar guztiei Gaitu-n parte hartzera gonbidatzen zaituztet. Batu ditzagun gure ahotsak euskararen alde”, zehaztu du Amaia Agirre alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun