"Getxoko Udalari exijitzen diogu mugimendu feministarekin komunikazio kanalak ireki ditzan, azken bi urteetan erantzunik gabe geratu diren mezuak erantzun eta gure herriko jaietan eta urte osoan zehar indarkeriari aurre egiteko neurriak har ditzan mugimendu feministaren jarduera-markoan. Ondo dakizue zer ari garen eskatzen: lana denboraz, zintzo eta ondo egitea, horixe soilik", adierazi zuten atzo Algortako Mugimendu Feministako kideek Portu Zaharrean egin zuten agerraldian.
Halaber, Udalari exijitu zioten ez ditzala "etsai gisa tratatu", indarkeriari aurre egiteko dituzten baliabideak jar ditzatela eta aitor dezatela mugimendu feministak "herri honi egin dion eta egiten dion ekarpen ezinbestekoa" dela.
Bukatzeko, aitortu zuten badakitela posizio politiko batzuentzako eskatzen dutena ezinezkoa dela, "instituzioek mugimendu feministarekiko duten jarrerak patriarkatua sistema gisa erreproduzitzeko helburua duelako",. Hala ere, Getxoko Udalaren helburua politika feministak izatekotan, "ondo daki non dagoen mugimendu feminista eta zein den gure elkarlanerako ohitura", adierazi zuten.
Kasua artxibatuta
Era berean, atzoko agerraldian azaldu zuten epaileak Algortako Mugimendu Feministako bi kideren aurkako auzia artxibatu duela, instrukzioko epaileak prozesu judiziala abiatzeko arrazoirik ez dagoela iritzita. Ertzaintzak salaketa jarri zuen kide horien aurka, 2022ko Algortako Portu Zaharrean ziztada bat jasan zuen neska gazte bati laguntzean poliziaren jarduna oztopatu omen zutelako.
Algortako Mugimendu Feministako kideek hasieratik azpimarratu zuten ez zutela poliziaren jarduna oztopatu, eta Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioa gezurtatu zuten; izan ere, ziurtatu zuten taldeko kideek dagokion protokoloa aktibatu zutela, hau da, biktima artatu, larrialdi zerbitzuetara deitu, gurasoei jakinarazi eta Ertzaintzagaz prozesua kudeatu zutela.
Azaldu zutenez, biktima artatzeko protokoloa aktibatuta zegoenean, kalez jantzitako bi agente sartu ziren mugimendu feministako kideek sortu zuten gune seguruan, "eta tentsioa sortu zuten". Agenteek neska anbulantziara eraman zuten, baina mugimendu feministako kideak gaztea ongi zegoela ikusteko anbulantziara gerturatu zirenean identifikatu eta desobedientzia delitua egotzi zieten, Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik.
Akusatuek aurreko urteko urrian deklaratu zuten Getxoko epaitegian eta ukatu egin zuten Ertzaintzari oztoporik jarri izana. Halaber, Algortako Mugimendu Feministako kideek instituzioek auziaren inguruan izandako jarrera "kezkatzekoa" izan dela deitoratu dute eta beraien jarduna "kriminalizatzeko saiakera izan dela salatu dute sarritan.