Joan den abenduaren 3an, Ibar Nagusien Etxea elkartearen lokal berriaren inaugurazio berezia egin zenuten. Zelakoa izan da egoitza berri bat aukeratzeko prozesua?
MIKEL LABEAGA: Lokala aukeratzeko prozesua lehengo egoitza zen eraikinaren eraisketarekin lotuta dago. Elkarteko aurreko zuzendaritza-batzordea Los Puentes kaleko lokal berri batera joan zen, txiki-txikia dena eta, ondorioz, elkartearen errealitateari erantzuten ez diona. Momentu batean, lokal berri bat alokatzeko hilabetean 1.500 euroko diru-laguntza eskaini zion Getxoko Udalak lehengo batzordeari, orain arteko laguntzak mantenduta. Batzorde horrek uste zuen Udalak berak hartu behar zuela bere gain egoitza berria alokatzeko gastua, baina honek bide hori baztertu zuen, zaila zelakoan eta errazagoa zelako diru-laguntza ematea.
Maiatzean, batzorde berria osatu genuen eta, egoera horretan jarraitzea ezinezkoa zelakoan, bizirauteko lokal berri bat alokatzea behar-beharrezkoa zela erabaki genuen bileretako batean. Bide horretan, denok genion nolabaiteko maitasun-sentimendua Kolasen taberna zenari, BBVArena den eraikinari, “Romoko udaletxeari”, eta, halako batean, BBVArekin harremanetan jarri eta eraikina alokatzeko negoziazioetan hasi ginen. Hasieran, 2.600 euro eskatu zizkigun, baina guk kantitate txikiagoa eskaini eta, egoerak aurrera egin zezakeelakoan, Udalari baiezkoa eman genion, nahiz eta jakin emango zigutena nahikoa izango ez zela alokairuari aurre egiteko.
Akordioa lortu zenuten?
MIKEL L.: Hasiera batean, ahoz ahoko akordioa lortu genuen Carmen Diaz zinegotziarekin, eta horrek esan zigun saiatuko zela kantitate altuago bat lortzen, aktibitateak eta jarduerak antolatzeko ohiko laguntza mantenduta. Hala, alde bien arteko negoziaketari ekin genion abuztuan. Akordio batera heldu ginen, eta ziurtatu zigun lokala alokatzeko laguntza emango zigutela, ohiko diru-laguntzaz gainera; baina, handik gutxira, esan zigun egoera bestelakoa zela: hitzarmen bakarrean sartuko zuten dena, lokala ordaintzeko laguntza eta garai batean elkarteak jasotzen zuena, lokala Udalarena zenean eta, ondorioz, alokairurik ordaindu behar ez genuenean. Bere garaian, laguntza 42.500 eurokoa zen eta alokairu-gastuetan zenbateko horren % 60 inbertitu beharko dugu orain; beraz, oso kopuru gutxi izango dugu hemendik aurrera jarduerak antolatzeko.
Esan digute laguntzen markoa handitzeko saiakerak egingo dituztela, eta espero dugu hala izatea lehen egiten genituen jarduerak antolatzen jarraitu ahal izateko.
Ohiko egoitzarik gabe ere, jarduerak antolatzen jarraitu dituzue. Zelan eta nola egin duzue?
MIKEL L.: Uneotan, jarduerak RKEn egiten ditugu, eta lokal berriak ere ez digu aukerarik emango ekintza asko egiteko, hala nola dantzen tailerrak. Izan ere, lehengo eraikinak 1.200 metro koadro zituen, eta oraingoak 190 izango ditu. Lehengoak denetarako aukera eskaintzen zigun, baina oraingoak elkarrekin egotea bermatuko digu, gaur egun dauden gabezia batzuk betez. Egun dugun errealitatearekin alderatuta aurrerapauso bat da, are auzoaren erdian egongo garelako. Auzoan erreferentzia izan nahi dugu.
Abenduko inaugurazioa, baina, ez zen erabatekoa izan. Noiz irekiko ditu ateak egoitza berriak?
MIKEL L.: Nolabait, behartutako inaugurazioa izan zen, elkarteak 36 urte bete zituelako joan den azaroaren 26an. Azken egunetan lokala egokitzeko lanetan aritu dira teknikoak, eta galdetu genien ea posible ote zen beheko solairuan zerbait sinbolikoa egitea. Hala, dena atonduta, abenduaren 3an osta-osta zabaldu ahal izan genuen. Orain, esan digutenez, urtearen hasierarako zabaldu ahal izango dugu behin betiko, gune guztiak egokitu, leku-aldaketa eta altzariak jarri ostean.
Getxoko Udalak jakinarazi du lokala egokitzeko laguntza jaso duela elkarteak. Zelakoa izan da hori?
MIKEL L.: Alokairuaren gastuetarakoa alde batera utzita, Udalak laguntza paralelo bat eman digu, hedabideetan argitaratu dena, 37.000 eurokoa. Guk 45.000 euro eskatu genituen, horixe baitzen egokitze-lanak eta altzariak ordaintzeko aurreikusten genuena, baina azkenean gastuak murriztu behar izan ditugu zenbateko horretara mugatzeko. Akordioa izan da aktibitateak antolatzeko izango genuen aurtengo diru-laguntza handitzea, hau da, ohiko 25.725 euroko kopurua handitzea, guztiz defizitarioa dena. Izan ere, tailerretan, monitoreei ordaintzearekin bakarrik, 2023an 30.000 eurotik gora gastatu ditugu. Hortaz, hori ere ez ezin dugu estali. Hori ikusita, zinegotziarekin akordioa egin genuen obrarako.
Auzoaren zeintzuk beharrizan betetzen ditu Ibar Nagusien Etxeak?
MIREN ERROTETA: Auzoko jende nagusiarenak, baina baita udalerri osoarenak ere. Auzoa garrantzitsua da guretzat, eta elkartea oso txertatuta dago horretan, nahiz eta bere eragin eremua Getxo osora zabaltzen den. Autogestioa garrantzitsua da gurean, eta horren bitartez erreferentzia hori izatea. Saiatzen gara, zahartze aktiboa baino, pertsona nagusiek zahartze aktibista izatea, baina ez ildo politiko-alderdikoian, baizik eta gizartean eragile izateko. Orokorrean, Ibar Nagusien Etxearen helburua da jendea hobeto zahartzeko motorra izatea.
"Saiatzen gara, zahartze aktiboa baino, pertsona nagusiek zahartze aktibista izatea, baina ez ildo politiko-alderdikoian, baizik eta gizartean eragile izateko"
Zelan egin daiteke hori?
MIREN E.: Udalerrian hotsandiko izenak dituzten askotariko proiektuak daude Getxo munduko udalerririk zaharrena izan dadila ziurtatzeko. Baina, gure kasuan, errekurtso gutxi dituzten horientzat egiten dugu lan, aktibo egoteko eta auzoaren bizitzan eragiteko aktibistak izan daitezen, baina belaunaldien arteko mailan ere. Bide horretan, lokal berriaren kokapenak asko lagundu dezake, erdigunean dagoelako, eta saiatuko gara auzoaren bizitzaren erdian egoten, mugimendua egon dadin. Egia da egoitzak ez dituela bermatuko lehenengo eraikinak eskaintzen zizkigunak, Lope de Vegakoa izugarria zelako, baina oraingoaren kokapena estrategikoa da.
Ildo horretan, pertsona nagusi askok pairatzen duten nahigabeko bakardadeari aurre egiteko garrantzitsua izango da lokala. Horren harira, kontraesankorra da instituzioek egiten dutena; gaitz horren kontra borroka egin behar dela diote, Nahigabeko Bakardadearen Kontrako Nazioarteko Egunean askotarikoak egiten dituzte, baina, errealitatean, ez dute borroka hori bermatzen, nahiz eta horretarako bide asko egon, tartean guk eskaintzen duguna. Kontraesankorra da errekurtso gutxi bideratzen direlako horretara. Gure kasuan, bazkideek 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar, behin bakarrik, eta, gerora, ekintzetarako 50 euro ordainketa bakarra egiten dute, adibidez, gimnasian aritzeko ikasturte osoan. Azken finean, laburbilduz, gure filosofia da jende nagusiarentzako gauzak eskaintzea, errekurtso gutxien dituztenentzako batez ere, zahartzea atzeratzeko.
Autogestioa aipatu duzue; zein da, orokorrean, elkartearen finantzazio-bidea?
MIKEL L.: Elkarteak hiru diru-iturri ditu: Bizkaiko Foru Aldundia, urtean 4.000 euro; Getxoko Udala, azken urteotan 24.750 euro ematen zituena baina 2023an % 5 igota 25.725 euro eman dituena; eta bazkide-karnet berrien bitartez jasotzen duguna, 400 euro inguru. Hori guztia batuta, urte osoko ekintzak antolatzen ditugu, eta, logikoa denez, askoz gehiago gastatzen dugu. Esan bezala, hala ere, tailer batzuetarako kuota bat kobratzen dugu, hala nola 50 euro kurtso osorako, eta gainontzekoa elkarteak berak jartzen du.
Udalak Lope de Vega kaleko eraikina bota zuenetik lokal txiki batean aritu zarete lanean…
MIKEL L.: Bulego lanak egin ditugu ekintza batzuk antolatzeko, hala nola irteerak. Hala ere, arazo handiena izan da ez zuela batzeko lekurik eskaintzen. Eguraldi ona dagoenean, jendea Santa Eugenia plazan-edo batzen da, baina, euria ari denean, non batzen da? Pertsona asko etxean gelditu behar dira, ezinezkoa dutelako ezta taberna batera joan kafe bat hartzeko. Sarea egitea garrantzitsua da pertsona nagusien artean, eta hori bermatzeko inbertsioa egin behar genuela erabaki genuen elkartean, eta hortik dator, bada, lokal berria irekitzearen erabakia.
MIREN E.: Ez dugu ekintzak antolatzen dituen agentzia bat izan nahi, gizarte eragile izan nahi dugu, batzeko gunea, sareak sortzekoa eta sozializatzekoa. Helburua da Ibar Nagusien Etxearen elkartearen egoitza bazkide guztien etxea izatea, eta, tartean, lekuak ahalbidetzen dituen hainbat jarduera egitea, hala nola hitzaldiak eta zineforumak.
Ordutik hona egindako bidea, baina, ez zen erraza izango. Zelan egin duzue aurrera?
MIREN E.: Irmotasun handiarekin. Hemen, elkartean, nukleo gogor bat dago, gogotsu aurrera egiteko lanean aritu dena. Hemen (lokal txikian), nolabaiteko bulego-lanak egin ditugu, horixe zelako aurrera egiteko eta bizirauteko modu bakarra; jarduera mantendu beharra zegoen. Hala ere, izan ziren elkartea desegiteko aukera aztertu zirenekoak, Lope de Vegako eraikina galtzea hondamendia izan baitzen askorentzat, fisikoki zein psikologikoki; badira bazkide batzuk depresioa izan dutenak, Ibar Nagusien Etxearen egoitzak bizitza ematen zielako, egunero joaten ziren hara. Horregatik, aurrera egitea erabaki genuen.
MIKEL L.: Zuzendaritza-batzordeari onartu beharra zaio, geunden egoeran egonda eta gabezia guztien aurrean, aurretik genituen tailerrak martxan jartzeko ahalmena izan duela, eta gehiago. Inoiz baino tailer gehiago antolatu ditugu, eta horri esker jende askok ikusi du elkartea bizirik zegoela. Hori batzordeari esker izan da, baita boluntario askoren laguntzari esker. Horren erakusgarri da maiatzetik hona 300 bazkide berri baino gehiago izan ditugula, eta, gainera, webgune berri bat jarri dugu martxan, egiten dugun guztia sareratzeko birtualki.
Gaur egun, zenbat bazkidek osatzen dute Ibar Nagusien Etxea elkartea?
MIKEL L.: Zaila da jakitea zehazki zenbat garen, inork ez digulako informaziorik ematen jakiteko zenbat bazkide zendu diren. Hala ere, zenbaketa eta galbaheak egiten ditugu; adibidez, inaugurazioaren ostean, eta jakinda bazkide nagusienak 104 urte dituela, hortik gorako adina izan zezaketen bazkide guztiak borratu ditugu. Eman dugun azken txartelaren zenbakia 7.993 da, baina egindako azken galbahearen ondoren, esan genezake 5.000-6.000 bazkide izango garela.
MIREN E.: Horietatik guztietatik, baina, denak ez dira horren aktiboak; dena dela, ziur gaude lokal berria dugunean jende asko berraktibatuko dela, nahi duten bakarra delako leku bat jendearekin egoteko.
Zelan bizi izan zuen auzoak, eta jende nagusiak bereziki, Lope de Vega kaleko eraikinaren eraisketa?
MIREN E.: Nire bizitzako une goren bat izan zela esango nuke. Nire kasuan, aspaldi daramat elkartean sartuta, modu batera edo bestera, eta, gainera, eraisketaren kontrako plataforman ere aritu nintzen, nolabait, borroka bikoitza zelako. Alde batetik, elkartearena eta, bestetik, eraikina mantentzearena, azpiegitura enblematikoa zelako, babestu beharrekoa. Asko borrokatu genuen, batzorde tekniko askotara jo genuen, eta lortu genuen babestu beharreko zerrenda batean sartzea, gerora Getxoko Udalari igorri zitzaiona HAPO berrian kontutan izan zezan. Baina ez zioten kasurik egin. Eraisketa inflexio puntu bat izan da; hondeamakinak heldu ziren eguna oroitzen dudanean oilo-ipurdia jartzen zait. Zerbait oso traumatikoa izan zen, are gehiago nagusien etxera egunero joaten zen jendearentzat.
Gainera, eraikin hura bota izanak auzoan gelditzen zen multzo enblematikoa apurtzea izan zen, horrekin batera, elizak eta etxe merkeek osatzen zutena. Inguru horrek ematen zion identitatea auzoari. Nik oso gaizki bizi izan nituen une horiek, eta, lehen esan bezala, badakigu jende askok depresioa izan duela ordutik.
MIKEL L.: Nik oso aktibo bizi izan nituen une haiek, nire larrutik, eta baita nire familiaren partetik ere. Baina, zoritxarrez, esango nuke hori ez zela izan auzoaren gehiengoaren jarrera. Egia da zati handi bat aktibismora batu zela eta, horri esker, mugimendu indartsu bat hasi zela; erlazioak sortu dira, eta auzo izaera hauspotu belaunaldi askoren artean, eta horren ondorio da plataforma batzuk mantendu izana. Hala ere, nire ustez, eraikina galtzeko sentimendua zuen jende asko egon arren, guztiak ez ziren borrokara batu.