Panda Raid 2024

Matxuratutako kotxea konponduta, hirugarren etapa gainditu dute Fadurako irakasle-ikasleek

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 7a, 10:20

Bezperan izandako matxura konpontzeko lanean jo eta su aritu ostean, orain arteko ibilbiderik laburrenari aurre egin zioten Fadura LHIIko raiderrek martxoaren 5ean, martitzenean. Hirugarren etapak 225 kilometro izan zituen, horietako 140 pistakoak, Merzougako duna ikusgarri eta ezagunetan amaitzeko.

Boudnibetik Merzougara, 225 kilometroko ibilbidea egin zuten irakasle-ikasleek martitzenean. Gorabehera handirik gabeko zeharkaldia egin zuten, baina ez erronka handi batekoa: kanpamenduan egindako konponketa proban jartzea.

Garikoitz Urizar irakasleak gogoratzen duenez, aurreko etapan matxura bat izan zuten, eta zingila batzuen bitartez arazoa zuen kotxea atoian eraman behar izan zuten kanpamendura, “tarte batzuetan errepidetik, mendiko bideetatik motorra apurtuko genuke-eta”. Bertan, karterraren estalkia tolestuta zegoela ohartu ziren, “eta ez zegoen modurik muntatu ahal izateko”. Hala ere, azkenean, pieza lodia zuzendu, muntatu eta hirugarren etapari aurre egitea lortu zuten, baita amaitu ere, bideoan ikus daitekeen bezalaxe.

© PANDA RAID

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun