Getxon gizarteratzearen alde lan egiten duten gizarte-erakundeek –San Nikolas Zabalik, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pertsonalde eta Sortarazi– eta erakunde horietan erabiltzaile, boluntario, bazkide edo langile gisa parte hartzen dutenek dolumina eta babesa helarazi diete zapatu gauean izandako "eraso bortitzaren" biktimaren familiari eta lagunei.
Era berean, gertakari horiek migratzaileak eta arriskuan edo gizarte-bazterkerian dauden kolektiboak etiketatzeko edo estigmatizatzeko ez erabiltzea eskatu dute erakunde horiek. Izan ere, ohartarazi dutenez, inplikatutako pertsonen nazionalitateak aipatzeak "orokortzea eta kriminalizazio kolektiboa baino ez du eragiten, eta asko pertsona jakin batzuen ekintzengatik kondenatzen ditu".
Gizarte-erakundeek azpimarratu dutenez, kultura eta erlijio aldetik, Getxo askotarikoa da. "Gure gizarte-lanean, besteak beste, hainbat migratzaile-kolektibori laguntzen diegu, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuei lagunduz eta haien garapena bultzatuz. Lanean jarraituko dugu pertsona eta kolektibo guztiek giza eskubideetan ezarritako eta adostutako gutxienekoak eskura izan ditzaten", azaldu dute.
Ildo horretan, azpimarratu dute pertsona migratzaileek balioa ematen diotela gizarteari, baita aberastasuna ere. Hori horrela, "elkartasuna eskatzen dugu, eta diskriminaziorik eza eta aukera-berdintasuna, errespetua, tolerantzia, indarkeriarik eza eta elkartasuna aldarrikatzen ditugu, Getxon bizikidetza baketsua eraikitzeko".
Sare sozialetan zabaldutako mezu xenofoboak
Azken egunotan askotariko mezu arrazistak eta xenofoboak zabaldu dira sare sozialetan, hala nola zapatu gauean Algortan labankadaz hil zuten 23 urteko gazte baten hilketagatik atxilotutakoak inoren kargura dauden adingabe magrebtarrak direla. Horren aurrean, argitaratutako mezuen kopurua dela-eta, Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzak jakinarazi zuen atzo, astelehenean, informazio hori gezurra zela.