Elkarrizketak

Getxo Rugby: "Hasieratik argi izan dugu helburua mailaz igotzea zela, baina kontziente izan gara bide luzea eta lan handia geneukala aurretik"

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 29a, 08:56

Getxo Rugbyko emakume seniorren talde-argazkia.

Esan, eta egin; Getxo Rugbyko emakumezkoen senior taldea errugbiko elitera itzuli da joan den maiatzaren 19an jokatutako finalean Cisnerosen aurka 27-12 gailendu eta gero, Faduran. Finala oso estua izan zen, etxekoek bigarren zatian euren jokorik onena erakutsi zuten arte. Hala, Ohorezko B Mailako txapeldunak bilakatu dira getxoztarrak eta partidurik galdu gabe amaitu dute denboraldia. Egindakoari errepasoa egiteko, taldeagaz batu gara.

Hasteko, zorionak Iberdrola Ligara igotzeko egindako ibilbideagatik. Zer balorazio egiten diozue denboraldiari?

Mila esker! Denboraldiari balorazio gozoa egiten diogu. Egia esan, finala irabazi izanaren zapore gozoarekin gaude oraindik. Mailaz igotzeko helburua bete dugu, eta badirudi azken partidaren emaitzak urte biribila eklipsatu duela. Baina, orain, atzera begiratuta, argi dugu pozik egoteko emaitzak lortu ditugula urte osoan zehar.

Denboraldia hasi zenutenean, zuen burua maila gorenean ikusten zenuten?

Denboraldiaren hasieran ez genuen gure burua maila gorenaren barruan ikusten oraindik. Bagenekien bertara heldu nahi genuela, eta Ohorezko Mailara igotzea gure helburuetako bat zen. Lau urte daramatzagu bide hau eraikitzen; iaz ere liga irabazi genuen, baita finalera heldu ere, baina helburua bidean geratu zen. Hasieratik argi izan dugu helburua mailaz igotzea zela, baina kontziente izan gara bide luzea eta lan handia geneukala aurretik.

Zer-zelakoa izan da egindako ibilbidea azken urteotan?

Polita. Duela lau urte DHB mailara igo ginen. Taldea kontsolidatu behar izan da, mailara egokitu eta mailaren eskakizunetara doitu. Lan asko dago atzean. Txikitik handira, jokalariek prestaketa fisiko eta lan pertsonal handia egin behar izan dute; entrenatzaileak kategoriara eta taldera egokitu; eta klubak mailari dagokion azpiegitura eta baliabideak lortu. Bakoitzak berenean eta guztion guztienean, azkenean lortu dugu helburua betetzea.

Finala oso estua izan zen etxekoek bigarren zatian euren jokorik onena erakutsi zuten arte. ©fredymonfoto
 
Cisneros zen faboritoa mailaz igotzeko; aukari zaila izan da?

Bai, iaz Ohorezko Mailatik jaitsi zen, eta erritmo biziz jolasten dute talde horretako jokalariek. Baina urte honetan hiru aldiz lehiatu gara haien kontra, eta, gure sorpresarako, hiru partidak irabaztea lortu dugu. Askotan uste dugu ez garela kontziente daukagun potentzialaz eta besteen azpian kokatzen dugula geure burua. Honek gure burua pixka bat hobeto baloratzea egin beharko liguke.

Zelakoa izan da herriaren babesa zuen bidean laguntzeko?

Sinestezina, benetan. Urte osoan zehar izugarrizko babesa sentitu dugu. Eta finalean, aldiz, kolosala izan da. Emakumeen kirolak eta kirol minoritario batek horrelako jendetza batu izana imajinaezina da. Fadurako harmaila guztia bete dugu, baita belodromo zein zelai ingurua ere. Ez dakit zenbat pertsona bilduko zen azken partidetan Faduran, baina taldea guztiz eskertuta dago, eta babestua sentitu da.

Zelan ospatu zenuten taldearen igoera?

3. denbora luzatu genuen igandean bertan. Izugarrizko jai giroa izan genuen Algortako kaleetan.

Zelako denboraldia aurreikusten duzue hurrengo urterako? Etxeko lanak eginda dituzue maila gorenean lehiatzeko?

Gogorra. Etxeko lanak urte osoan zehar izango ditugu. Prestaketa fisikoak ezinbesteko garrantzia izango du. Urte gogorra izango dela badakigu, baina gure onena ematera gatoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun