Hilabete bi baino gehiago igaro dira Getxoko lorezaintza zerbitzuaren esleipenduna den Getxo Lorategiak ABEE enpresako langileek greba mugagabea abiatu zutenetik. Grebalariek gogoratu dutenez, azken urte bietan KPIaren bost puntu eta erdi galdu dituzte, eta, berrikuspenean, % 2,25eko igoera proposatu zieten, iaz EAEn KPIa % 3,1 izan zenean. Berdinketa hori eskatu zuten beharginek, eta, gaur egungo egoera ikusita, deitoratu dute ez dutela ulertzen % 0,85eko soldata igoeraren aldeagatik iritsi izana negoziazioaren blokeo honetara. Hala, gaur abiatutako negoaziazioetan, KPIagaz bat datorren hitzarmena sinatzea eskatuko diote langileek enpresari, "aparteko ordainsarietan inolako deskonturik gabekoa", azpimarratu dute; "espero dugu enkistatutako arazo honi irtenbide bat ematea, behingoz".
Auzokideen kexak
Joan den apirilaren 2an abiatu zuten beharginek greba mugagabea, lan-hitzarmen duin baten alde. Ordutik, gatazkaren ondorioak agerikoak izaten ari dira udalerrian, lorategietako belarrak hazi eta hazi egin baitira asteotan. Lorezainek jakinarazi dutenez, daborduko “ehunaka kexa” helarazi dizkiete auzokideek Udalari, besteak beste, askotariko zomorroak ugaritu daitezkeelakoan, hala nola kaparrak eta arkakusoak. Hala ere, horri erantzunez, beharginek HIRUKAri azaldu diote zaila dela mota horretako intsektuak agertzea inguruotan: "Aixerrotako eta estratetako landak moztu izan ditugu, eta inoiz ez dira halakoak agertu". Ildo horretan ere, Xabier Buenetxea Ingurumen teknikariak azpimarratu du belar luzeek ez dutela zertan ugaritze hori ekarri behar, inguruotan abererik ez dagoelako apenas, "are gehiago, gutxiago egon daitezke, zomorro horiek jaten dituzten harrapakariak areagotu daitezkeelako".