Gobernu-taldeak Getxoko HAPO berria onartzeko hitzordua defendatu du, lehen data "erabilgarri eta arrazoizkoa" delakoan

Erredakzioa 2024ko eka. 21a, 12:06

Gobernu taldeak azpimarratu du uztaila iraila bezain balioduna dela osoko bilkurak egiteko. © GETXOKO UDALA

Getxoko Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzeko prozeduraren inguruan egindako kritikei erantzunez, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) defendatu du uztaila beste edozein hilabete baliodun bat dela, eta uztailaren 26a dela dokumentua osoko bilkuraren esku jartzeko lehen data “erabilgarri eta arrazoizkoa”.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk HAPO herritarrei “bizkarra emanda” eta “parte hartzea zailduz” onartzen saiatzea leporatu diote udal-gobernuari. Hala ere, tokiko agintariek azpimarratu dute HAPO osoko bilkurara eramateko proposamena beharrezko sektore-txosten guztiak eduki bezain laster egin zela, eta azkena 2024ko ekainaren 4an jaso zutela.

Gobernu-taldeak nabarmendu duenez, txosten guztiak eskura izanda, “ez zegoen arrazoirik aurkeztutako alegazioei emandako erantzunak gehiago atzeratzeko”. Eta azaldu du alegazio horiek HAPOren behin-behineko onarpenagaz batera izapidetu behar direla, “legezko araudiaren arabera”.

Data aukeratzeari dagokionez, azpimarratu du uztaila iraila bezain balioduna dela osoko bilkurak egiteko, eta uztailaren 26a dela dokumentua osoko bilkuraren esku jartzeko lehen data erabilgarri eta arrazoizkoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun