Lau lorezain lanera bueltatu dira Getxon, greba utzita, negoziazioek aurrera egiten ez duten bitartean

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 1a, 10:25

Grebalariak protestan, lanean hasi diren lorezainen aurrean, Areetan.

Daborduko 91 egun bete dira Getxo Lorategiak ABEEko langileek apirilaren 2an greba mugagabea abiatu zutenetik, lan-hitzarmena berritu eta soldata KPIra egokitzea aldarrikatzeko. Hala ere, hiru hilabete igaro diren arren, lan-gatazkak ez du aurrera egin, eta egoera gaiztotu egin da, lau grebalari lanera bueltatu baitziren joan den astean.

Getxo Lorategiak ABEEko 41 beharginek bat egin zuten apirilean greba egiteagaz, baina, joan den astetik, lau lorezain lanera bueltatu dira, ELA sindikatuak, Getxo Lorategiak ABEEko langile-batzordean gehiengoa duenak, deitutako mobilizazioari uko eginez. Izan ere, lan-gatazkak luzera egin du, eta daborduko hiru hilabete igaro dira borrokari ekin ziotenetik.

Bitartean, negoziazioak geldirik jarraitzen du. Langileen eta enpresaren artean bilerak egin dira, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzagaz, baina oraingoz ez dago inolako akordiorik mahai gainean. Ildo horretan, joan den eguenean, ekainaren 27an, grebalarien ordezkaritza zabal bat gerturatu zen osoko bilkurara, eta EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeari aurpegiratu zioten lan-gatazka honi irtenbidea emateko duten "interes faltagatik", oposizioko taldeei euren eskerra agertu zioten bitartean, egoeraz kezkatuta daudelakoan.

Grebalarien ordezkarietako batek deitoratu zuen behin baino gehiagotan eskatu diotela Amaia Agirre alkateari haiekaz biltzeko, baina ez dutela erantzunik jaso. "Enpresagaz negoziatzeko gonbita egin diguzu behin baino gehiagotan, baina, non dago enpresa? Gu batzeko prest gaude, baina ez dakigu ezer haien inguruan". Gogoratu zuen, gainera, ekainaren 10ean batu zirela aurrenekoz enpresako arduradunakaz, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzagaz, "betiere langileen eskaerari erantzunez".

Horren aurrean, Amaia Agirre alkateak esan zuen ez zuela aurreikusten lan-gatazka horrenbeste luzatzea, eta azpimarratu zuen "arduratzen" dien gauza bat dela, eta horren gainean "lanean" ari direla, baina ez duela "irtenbide errazik".

Hitza-hartzearen amaieran, langileen ordezkariak gogoratu zuen enpresak kontratua eskuratu zuenean, daborduko ez zuela maniobratzeko tarterik, hasiera-hasieratik galerak zituztelako. Hori horrela, gobernu-taldeari egotzi zion lizitazioak egiterakoan langile-klaseagaz gogoratu ez izana, "ausarkeriazko" proposamen baxuak dituzten zerbitzuak kontratatzeagatik. "Horrek gure soldatetan dute eragina, eta uste dut eskaera duina dela egiten ari garena".

Grebalariek gogoratzen dutenez, azken urte bietan KPIaren bost puntu eta erdi galdu dituzte, eta, berrikuspenean, % 2,25eko igoera proposatu zieten, iaz EAEn KPIa % 3,1 izan zenean. Berdinketa hori eskatu zuten beharginek, eta, gaur egungo egoera ikusita, deitoratu dute ez dutela ulertzen % 0,85eko soldata igoeraren aldeagatik iritsi izana negoziazioaren blokeo honetara. Hala, negoaziazioetan, KPIagaz bat datorren hitzarmena sinatzea eskatu diote langileek enpresari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun