Getxoko Udalak behin-behinean onartu du Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren proiektua

Ander Zarraga 2024ko uzt. 26a, 18:47

HAPO berria behin-behinean onartzeko ezohiko osoko bilkura egin dute gaur Getxoko udaletxean.

Aurreikusitakoaren arabera, Getxoko Udalak oniritzia eman dio HAPO berriaren proiektuari, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz; aldiz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ezezkoa bozkatu dute gaur goizean egin den ezohiko osoko bilkuran.

Sargoritik ihes egiteko abanikoen astintzeen artean eta Aixerrotako paellen jaietako ajeagaz onartu dute Getxoko HAPO berriaren proiektua. Momentuz, behin-behineko onarpena da, Amaia Aguirre alkateak gogoratu duen bezala, hala ere, horrek ez du alderdien arteko gaitzespenen eta akusazioen gurutzaketa galarazi. 

Era berean, alkateak zehaztu du, behin proiektua behin-behinean onartuta, herritarrek aurkeztutako 2.100 alegazioetatik 588 osorik edo zati batean hartu dituztela barne dokumentuan. Horregaz batera, Aguirrek zera nabarmendu du bozketaren ostean: "Adostasun zabala lortu ondoren, etorkizuneko Getxo udalerria diseinatzeko aurrerapauso garrantzitsua eman dugu gaur". 

Jarrera kontrajarriak

Alderdien ekarpenei dagokienez, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk oso kritika gogorrak egin dizkiote proiektuari. Hori osatzeko erabilitako formula gaitzetsi dute eta proiektua babestu duten alderdien konplazentzia kritikatu dute, etxebizitza-arazoa konpondu ez ezik, espekulazioa eta negozioan oinarrituta dagoelakoan. Gainera, deitoratu dute alde bozkatu duten hiru alderdien arteko adostasuna besterik ez dela izan prozesuan, gainontzeko alderdiakaz negoziatu gabe. 

Batetik, beste akusazio askoren artean, Podemoseko bozeramaileak "hirigintzaren pilotakadaren plana" bezala kalifikatu duena "batere jasangarria" ez dela deitoratu du, lurraren erabilera desegokia egiten duelako. Era berean, salatu du publikoak izan arren, etxebizitzak eraikitzaileen eskuetan geratuko direla "eredu baztertzailea bermatuz". 

Bestetik, EH Bilduk ere gaitzetsi du ez dietela negoziatzeko deitu eta proiektua "eredu zaharretan oinarritutako erabaki politikoa" dela, eta ez dutela irizpide teknikoei jarraituz osatu. "Auzoak suspertzen ez dituen eta higiezinen espekulazioa nahiz eraikuntza masiboa bultzatzen dituen neurria" ere badela adierazi dute.

"Hainbat hirigintza-pilotakada ahalbidetuko ditu, luxuzko etxebizitzak eraikiko dira hiriguneetan, gizarte-laguntzako etxebizitzak aldenduko dira zerbitzu nagusietatik, zenbait baserri eta eraikin historiko eraitsiko dira, eta ez da klima-larrialdiari aurre egiteko neurririk hartuko, ezta lo-hiria izateari uzteko neurririk planteatu ere”, erantsi du EH Bilduko bozeramaileak.

Horren aurrean, alde bozkatu duten alderdiek, EAJk, PSE-EEk eta PPk onartutako dokumentuaren onurak zerrendatu dituzte, hala nola Getxoren errealitate demografikoari erantzuten dion egitasmoa dela, biztanleria mantentzeko helburu nagusiari jarraituz osatu dutela, 3.000 etxebizitza publiko baino gehiago eraikiko direla, ekipamendu berriak egingo dituztela, garapen ekonomikoaren alde egingo duela eta jasangarritasunaren alde osatutako egitasmoa dela. Gainera, prozesua egiteko orduan herritarren parte-hartzea eta lortutako adostasuna ere goraipatu dituzte.

Zera nabarmendu du udal-gobernuak: “Gure etorkizun komuna zehazteko ekarpenak egin nahi izan dituztenekin adostu dugu; gaurko hirigintza-planak ez ditu arriskuan jarriko etorkizuneko belaunaldien beharrizanak eta ahal den legaturik onena utziko dugu, guztiontzako hobea den Getxo udalerria izan dezagun”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun