Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez Madrilgo Aranjuezeko kartzelako familia-moduluan egon ziren 2022ko urtarrilera arte. Orduan, Izadi beraien alabak hiru urte bete eta gutxira, Zaballara mugitu zituzten. Lekualdeketagaz batera, Gutierrezi hirugarren gradua ere eman zioten, bermatzeko alaba aitagaz egon zedila, kartzelatik atera eta amarengandik urruntzera behartu baitzuten.
Hala ere, aste gutxitara, espetxera itzultzera behartu zuten aita, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua ukatu baitzion; auzitegiak argudiatu zuen presoak "barkamena" ez zuela eskatu, naiz eta hilabete batzuk besterik ez zitzaizkion falta zigorra guztiz betetzeko.
Lizarraga 2008ko irailean atxilotu zuten Frantziako Loire departamentuan, ETAko kidea zela egotzita. Etxeratek jakinarazi duenez, 2022ko ekainean hirugarren gradua ezarri zioten, eta, ordutik, baliabide telematikoen bidez bete du zigorra.