"Irurak Bat" auzia

"Irurak Bat"en eraisketaren datu gehiago emango dituzte udal-arduradunek irailaren 19ko Lurralde Batzordean

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 6a, 11:13

San Nikolas kaleko 11 zenbakian zegoen jauregia.

Getxoko Udalak "hirigintza-legezkotasuna" lehengoratzeko agindu dio Ereaga Atalaya kooperatibari, luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko "Irurak Bat" jauregitxoa bota ostean. Ildo horretan, Udalak jakinarazi du kasua aztertuko dutela irailaren 19ko Lurralde Batzordean; bitartean, oposizioko taldeek egoera argitzea eta erantzukizunak eskatu dituzte. Getxoko EH Bilduk, gainera, eraikin historiko hori berreraikitzea exijitu du.

Algortako Portu Zaharrera bidean, San Nikolas kaleko 11 zenbakian lekututa zegoen "Irurak Bat" eraikina guztiz bota du enpresa eraikitzaile batek, hori udal-zaintzapekoa izan arren, lizentziarik gabe. Bertan 12 etxebizitza izango dituen azpiegitura bi eraikitzen ari dira, baina, Getxoko Udalak obrak geldiarazi ditu, enpresak legezkotasuna berrezarri arte.

San Nikolas kaleko 11 zenbakian 12 etxebizitza eraikitzeko proiektua dago, jauregi zaharrean sei birgaituta, eta eraikin berri batean beste sei. Aurreproiektuaren arabera, XIX. mendeko “Irurak Bat” jauregiaren hormak mantendu behar ziren, “barrualdean ondoan eraikiko duten etxebizitza berrien erosotasun modernoa” txertatuta. Hala ere, obrak hasi eta gutxira eraikina hustu, teilatua kendu eta hegoaldeko horma bota zuten; bitartean, beste hiru fatxadak aldamioz habetuta mantendu zituzten. Uda bete-betean, baina, Algortako saninazioak pasata, zutik zirauten etxe-aurreak ere bota zituzten, Udalaren lizentziarik eta baimenik gabe.

Jauregitxoa legez kontra bota du enpresak, eta, ondorioz, obrak behin-behinean geldiarazteko agindua eman zuten abuztuaren 9an Getxoko udal-zerbitzu teknikoek, obra-lizentzian ezarritako baldintzak bete ez direlakoan. Hori horrela, Getxoko Udalak hilabeteko epea eman dio obren arduradunari egoera erregulariza dezan.

Zinegotzi bi, jomugan

Herritarren artean ezinegona piztu da eraikin historiko hura eraitsi izanagatik, eta are gehiago jakin delako Ereaga Atalaya kooperatibako bazkide direla Inaxio Uriarte eta Irantzu Uriarte Getxoko zinegotzi jeltzaleak. Horren aurrean, udal-iturriek azaldu dute obra horren tramitazioan eta ikerketan abstenitzeko beharra dutela agintari bi horiek.

Oposizioko udal-taldeek zinegotzi horien partetik izan zuten horren berri; hala ere, hurrengo urratsak eman aurretik, azalpenak eskatuko dituztela iragarri dute, eta horien zain geldituko direla. Hala, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) adierazi du gaiaren nondik norakoen datu eta azalpen gehiago emango dituela hilaren 19ko Lurralde Batzordean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun