Etxea zegoen orubean luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko enpresaren kooperatibistak diren EAJko zinegotziak Inaxio Uriarte Gorostiaga eta Irantzu Uriarte Gomez dira. Lehenengoa hirugarren alkateordea eta Langileria eta Antolaketa zinegotzia da, eta Uriarte, berriz, Kontratazio zinegotzia. Haiek jakinarazi zieten oposizioko alderdiei Ereaga Atalayako kooperatibista direla. Orain, oposizioko taldeek, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, udal-zaintzapekoa zen eraikin babestu hori eraitsiko zutela zekiten ala ez argitzea gura dute, besteak beste.
Eduardo Andrade PPko bozeramaileak nabarmendu du kasuak konnotazio "desberdinak" izango lituzkeela zinegotzi horiek emango dituzten azalpenen arabera; hala ere, Getxoko hirigintzaren "zulo beltza" salatu du, eta galdetu du ea "inork ez duen gainbegiratzen zer gertatzen den obra-lizentzia eman ondoren". Ildo horretan, ohartarazi du eraikinaren balizko eraispena aipatu ez izanak proiektuaren gardentasunari buruzko kezkak sortzen dituela, "eta, beraz, funtsezkoa da proiektuaren alderdi guztiak argi eta garbi jakinaraztea, eraikinaren osotasunari eragin diezaiokeen edozein erabaki barne".
EH Bildukoek, bere aldetik, deitoratu dute "Irurak Bat" jauregitxoaren eraispena udalerrian galtzen ari den eraikin historikoen zerrenda luze bateko beste bat dela, eta eskatu dute joera hori gelditzea: "Gure historia eta nortasuna gelditzen ari gara espekulazioaren mesedetan, gehienetan, gainera, luxuzko etxebizitzak eraikitzeko, gutxi batzuek ordain dezaketenak".
Ildo beretik, Elkarrekin Podemoseko kideak eraisketa salatu eta azalpenak eskatu ditu, "bai alde politikotik, bai teknikotik gertatutakoa argitu dezaten".
Azalpenak, irailaren 19an
Getxoko udal-arduradunek iragarri dute dagozkien galderei erantzunak eta azalpenak emango dituztela irailaren 19an, eguenean, egingo duten Lurralde Batzordean. Bitartean, azpimarratu dute gaiari lotutako zinegotzi biek obra horren tramitazioan eta ikerketan abstenitzeko beharra dutela, eta, bitartean, azalpenak Biurban kooperatiben koordinatzaileak eta Foraster Arquitectos enpresak, obraren zuzendariak, eman beharko lituzketela. HIRUKA enpresa horiekaz harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du inolako erantzunik jaso.
Oposizioko taldeek dei egin diete herritarrei batzordera gerturatzeko, irekia baita. "Gerturatu daitezela edozein informazio eskatzera, baita gertatutakoaz euren iritziak ematera", zabaldu du PPko bozeramaileak.
Udal-babeseko eraikina
Algortako Portu Zaharrera bidean, San Nikolas kaleko 11 zenbakian lekututa zegoen "Irurak Bat" eraikina, eta hori guztiz bota du enpresa eraikitzaileak, hori udal-zaintzapekoa izan arren, lizentziarik gabe. Bertan 12 etxebizitza izango dituen azpiegitura bi eraikitzen ari dira, baina, Getxoko Udalak obrak geldiarazi ditu, enpresak legezkotasuna berrezarri arte.
Eraikuntza proiektu horren arabera, jauregitxo zaharrean sei etxebizitza birgaituko zituzten, eta beste sei eraiki azpiegitura berri batean. Aurreproiektuaren arabera, XIX. mendeko “Irurak Bat” jauregiaren hormak mantendu behar ziren, “barrualdean ondoan eraikiko duten etxebizitza berrien erosotasun modernoa” txertatuta. Hala ere, obrak hasi eta gutxira eraikina hustu, teilatua kendu eta hegoaldeko horma bota zuten; bitartean, beste hiru fatxadak aldamioz habetuta mantendu zituzten. Uda bete-betean, baina, Algortako saninazioak pasata, zutik zirauten etxe-aurreak ere bota zituzten, Udalaren lizentziarik eta baimenik gabe.
Hartara, jauregitxoa legez kontra bota du enpresak, eta, ondorioz, obrak behin-behinean geldiarazteko agindua eman zuten abuztuaren 9an Getxoko udal-zerbitzu teknikoek, obra-lizentzian ezarritako baldintzak bete ez direlakoan. Hori horrela, Getxoko Udalak hilabeteko epea eman dio obren arduradunari egoera erregulariza dezan.