Elkarrekin Podemosek errekusazio-idazki baten bidez eskatu du "Irurak Bat" jauregia eraitsi zuen Ereaga Atalaya kooperatibako kide diren EAJko zinegotziek ez dezatela parte hartu bihar egingo den iraileko osoko bilkurarako uda-talde horrek aurkeztutako premiazko mozioaren eztabaidan, ezta horren inguruan eztabaidatzen den edozeren inguruan ere.
Talde moreak adierazi duenez, Irantzu Uriartek eta Inaxio Uriartek, eraikin babestua eraitsi duen hirigintza-sustapenaren sustatzaile den Atalaya Ereaga kooperatibako kide diren aldetik, kasuari buruzko eztabaidetatik alde egin beharko lukete, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23.2.a) artikuluan adierazten den bezala –Interes pertsonala izatea aztergai den gaian edo haren ebazpenean eragina izan lezakeen beste batean; sozietate edo erakunde interesdunaren administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea–.
Elkarrekin Podemosek azpimarratu duenez, idazki hau aurkezteko arrazoia da joan den egueneko batzordeetako batean Inaxio Uriarte zinegotzia "aktiboki" parte hartu zuela Elkarrekin Podemosek eskatutako ikerketa-batzordea sortzeko eskaeraren blokeoan, "eta litekeena dela hori legez kanpokoa izatea".
Izan ere, gogoratu beharra dago duela gutxi udal-iturriek jakinarazi zutela gaiari lotutako zinegotzi biek obra horren tramitazioan eta ikerketan abstenitzeko beharra dutela.