Elkarrizketak

Itxaso Paya: "Emakume sortzaileak bete beharreko kuota bat baino askoz gehiago gara"

Nahia Martinez Gondra 2024ko aza. 8a, 09:00

Azaroaren 9an, Muxikebarrin ospatuko dute Getxoko Emakume Sortzaileen Topaketa.

Egun badira getxoztar emakume sortzaile andana. Badira eta beti egon dira, baina ez beti, esfera publikoan. Hala, iraganeko sortzaileak gogoratzeko eta gaur egungoak ezagutarazteko asmoz, Best Getxo-Getxoko Emakume Sortzaileen Topaketa egingo dute bihar, zapatuan, Muxikebarrin. Itxaso Paya artista getxoztarrak adierazi digunez, xedea da Getxoko emakume sortzaileen sarea sortzeko lehen pauso bat ematea elkarrizketa, musika eta dantza bidez.

Zein da eguneko egitaraua?

Goizean zehar hitza izango da nagusi eta elkarrizketa batzuen bitartez Getxoko bost emakume sortzaile ezagutzeko aukera izango dugu. Gero, horiek eztabaidan jarriko ditugu mahai-inguru batean eta saiatuko gara irudikatzen Getxoko emakume sortzaileen mapa: non kokatzen garen, zer behar-izan dagoen, zein dependentzia ditugun instituzioekiko…

Arratsaldean ekintzetara paso egingo dugu eta asmoa da musika eta bertsoak nagusi izatea. Aukera izango dugu Folk Rippers taldearen kanta berria ezagutzeko. Getxoko Uribe Kostako lau emakumek osatutako musika taldea da eta euren kantetako bat Sorginzulori buruzko da, lehen Getxoko emakumeak elkartzen ziren leku berezi baten ingurukoa. Sorpresa bezala kantua erakutsiko digute. Gero, poteo/ikuskizun ibiltari bat egingo dugu: geldialdi bakoitzean ikuskizun labur eta xume bat izango dugu, adibidez, Lur Piris eta Maria Colinoren musika klasikoko emanaldia edo Iriondo ahizpen bertso-sorta bat. Poteoan ibiliko gara, "Ama eta alabak tabernan daude elkarrekin poteoan" kantatuz.

Zergatik uste duzu direla garrantzitsuak horrelako ekimenak?

Ni Getxoko emakume sortzailea naizenez gero, baditut lagun artista asko, baina aitortu behar dut ez ditudala ezagutzen getxoztar sortzaile asko. Adibidez, elkarrizketa egingo diogu musikan aditua den Mariasun Yanguasi. Abesbatzako zuzendaria da eta nik adibidez ez nuen ezagutzen. Beraz, proiektu honi esker ezagutu ahal izango dut. Beraz, lehen esan bezala, mapa hori osatu ahalko dugu ekimen honen bidez. Non gaude, nola gauden eta gustura gauden ala ez. Nolabait abiapuntua markatzea izango da helburu nagusia.

Aipatu nahiko nuke ere Jone Gonzalez getxoztarrak topaketarako diseinatutako kartela. Serie bat egin du erreferente getxoztar emakumeei omenaldia eginez: Irati Elorrieta idazleari; Garbi Losada antzerki zuzendari, idazle eta aktoreari; eta Ana Bejarano Mocedades musika taldeko abeslari-ohiari.

Uste duzu egun Getxon emakume sortzaileen presentziari lekua egiten zaiola?

Nik uste dut baietz. Guk emakume sortzaileen topaketa Bizkaia mailan egin dugu hirugarrenez. Aurten, herrietara ere joatea erabaki dugu eta ez da kasualitatea Getxora joan izana lehendabizi. Hemen badaude genero orotako sortzaile pilo bat. Emakume sortzaileak asko dira eta egia da Getxok aukera ematen duela, programazio aldetik, gure buruak aurkeztu ahal izateko.Muxikebarrin edo RKEn dantza egiteko edo bertsotan egiteko aukera dugu. Dana dalako sormena egiteko baliatu dezakegu gure herriko antzokia ere. Horretarako badaude hainbat diru-laguntza, adibidez, Juana Bizkarra. Nik sortzaile bezala Euskal Herrian ezagutu dudan diru-laguntza duinenetako bat da. Hantxe egon ginen iaz ere eMcumeak obra prestatzen.

Getxok aukera handiak ematen dizkie sortzaileei eta hau esaten dut kontrastatu dudalako beste herri batzuekin. Adibidez, aurrekoan Zarauzko eta Bilboko lagun batzuek komentatu zidaten zeinen aberatsa den Getxoko programazioa eta eskaintza kulturala. Oso leku egokia da gure udalerria topaketa egiteko, ez delako zerbait puntuala izango, gero badago nondik tiratu.

Gaztetatik emakume sortzailea izanda, igarri duzu egun bidea errazago duzula iraganaz alderatuta?

Bai, erabat. Nik orain 35 ditut, beraz, gutxi gora behera orain dela 20 urte hasi nintzen topera sortzen.Garai horretan ez dut oroitzen Getxo kultur etxeak zerbait antolatzen zuenik sortzaileentzako. Egia da antzokia eta kultura bera gure herrian asko-asko aldatu dela. Garai hartan bai gogoan dudala pianoa jotzen nuenez Getxo Antzokian jo nuela, eta bertsotan aritzen nintzenez, ba gauza bera. Getxo Antzoki zahar eder horretan egiten genituen gauzak, baina horrelako sustapenik edo diru laguntzarik ez zegoen. Ez euskararekin ezta kulturarekin ere. Orain euskararekin, kulturarekin eta berdintasunarekin gauzak aldatu direla esango nuke. 

Asko dauden arren, zeintzuk dira emakume sortzaileen lanak zailtzen dituzten faktore nagusiak?

Bat da, argi eta garbi, iruzurgilearen sindromea. Hau da, guri kostatzen zaigu azken pauso bat ematea beharbada gizonei kostatzen ez zaiena. Guk behar dugu gure lana izatea perfektua bestela ez dugu pauso hori aurrera ematen. Beraz, gehiago permititu behar diogu gure buruari, horrela, askoz emakume sortzaile gehiago egongo liratekeelako publikoki. Historia batetik gatoz: duela gutxi debekatuta zegoen edo txarto ikusita zegoen emakume bat oholtza baten gainean egotea. Historiaren aztarna da iruzurgilearen sindromea, egitura matxista batetik gatoz eta bidea ez da berdina izan. 

"Historiaren aztarna da iruzurgilearen sindromea, egitura matxista batetik gatoz eta bidea ez da berdina izan"

Beste faktore bat izan daiteke benetako feminismoaren lanketa. Batzuetan igartzen dugu diskurtsoa ikasten dela eta puntu. Kuota onartzen dela eta puntu. Baina gero ez gara haratago joaten. Beti gelditzen gara kuota baten edo irudi baten, eta bagara hori baino askoz gehiago. Horrelako ekimenekin bidea eman nahi dugu era honetako gaiei buruz hitz egiteko. Eta ikusi denon artean komunean zer egin ahal dugun eta zer behar dugun elkarrengandik. Adibidez, nik behar dut zu nire antzezlanetara etortzea edo nik behar dut zuk nire promozioa egitea zure sareetan… elkarri eskatzea ere beharrezkoa da. 

Horregatik herri osoa animatu nahi dugu gure ekimenera, baita ondoko herrietako lagunak ere. Emakume sortzaileen topaketa bat da baina edonor etorri daiteke, hain zuzen ere, sortzaile horiek ezagutzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun