Tokiko talentua saritu dute Getxon - Getxo - Hiruka.eus

Tokiko talentua saritu dute Getxon

Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 13:51

Kultura getxoztarra izan zen eguaztenean protagonista Muxikebarri Antzokian. Izan ere, urteko AixeGetxo! sariak banatu zituzten bertan. Hamalaugarren sariketa honetan, 13 sari banatu zituzten, eta tokiko kulturaren munduari lotutako artista, eragile eta kolektiboek egindako lana aitortzeko.

Laida Lertxundi zinegile, artista eta irakasleak Ikusizko eta Ikus-entzunezko Arteen saria jaso zuen. Esparru horretan, bere lana arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak gorputz-adierazpenetik lantzen duen ikuspegi feministagaz bateratzeagatik nabarmentzen da. Bere lana New Yorkeko MoMa edo Londresko Tate Modern bezalako museo eta galerietan erakutsi da. Arte Plastikoen atalean, Higinia Garay ilustratzaile eta komiki-artistarentzat izan zen saria. Haren lana hainbat erakunderen argitalpen eta proiektuetan ikus daiteke, hala nola Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean, Gazteen Gurutze Gorrian, La Caixa Gizarte Ekintzan eta Tabakaleran.

Bestalde, Olatz Ganboa aktoreak Arte Eszenikoen saria jaso zuen bere ibilbideagatik, eta, horren ondorioz, Lytceum Club, La casa de Bernarda Alba, Ay, Carmela!, La lucha por la vida eta Me dejas darle el biberón? bezalako lanetan parte hartu du, besteak beste. Musika Klasikoaren eta Garaikidearen atalean, Luminita Duca piano-jotzaileari eman diote saria, zeinak bakarlari gisa eta ganbera-formazioen esparruan ibilbide ezaguna du. Egungo Musika modalitatearen saria Paula Mattheus kantautoreak irabazi zuen, 2021az geroztik agertokietan nabarmendu dena eta Rozalen bezalako artistakaz kolaboratu duena.

Literatura mailan, Alaitz Leceaga idazle gazteak jaso zuen saria, El bosque sabe tu nombre eta Las hijas de la tierra eleberrien egileak, besteak beste. 2021ean Fernando Lara saria irabazi zuen Hasta donde acabar el mar lanagaz. Diseinuko saria, berriz, Benicio Aguerrearentzat izan zen, hiru hamarkadatik gorako ibilbide profesionala izan duena.

Gastronomiako AixeGetxo! saria Javier Izarra Tamarises Izarra jatetxeko sukaldeburuarentzat izan zen. Proiektu hori duela urte batzuetatik gidatzen du, Fernando Canales Etxanobe bezalako sukaldari ospetsuakaz lankidetzan aritzeari utzi gabe. Hezkuntza eta Balioen atalean, Lilura abesbatza izan zen irabazlea, Getxoko haur eta gazteen lehen abesbatza eta bakarra gaur egun. 2016an sortu zenetik, Mariasun Yanguasen zuzendaritzapean, lotura estua du Getxogaz, eta kultura-eskaintzaren parte da.

Agustin Sanchez Lavega astrofisikariak Kultura Zientifiko eta Berritzailearen saria jaso zuen atmosfera planetarioen ikerkuntzan egindako lanagatik, eta gai horri buruzko 40 proiektutan parte hartu edo gidatu du, Bilboko Ingeniaritza Eskolan egindako lana ahaztu gabe. Oraingoan, Kultur Ondarearen, Hautemangarriaren eta Ukiezinaren saria Manu Gomez Martinek eta Oskar Fernandez Garciak jaso zuten, Getxo Kulturako Zine-Klubeko dinamizatzaileak direnak hasieratik, eta haien lanak zaletu ugari erakarri ditu zazpigarren artearen mundura.

Sari bereziak

Ohi bezala, AixeGetxo! txapelketak kategoria berezi bi hartzen ditu. Hala, lehenengoa, luzaroko ibilbide profesional eta artistikoa saritzera bideratua dagoena, Pedro Guallar organistarentzat izan zen, musika-tresna horren esparruko figura nabarmena, eta hainbat hamarkadatan zehar irakasle, konpositore, interprete eta hainbat ekimenen sustatzaile gisa jardun duena. Azkenik, Miren Kareagak Aixegaztea saria jaso zuen arkitekturaren eta arteen munduan egindako ibilbideagatik.

XIV. AixeGetxo! Sariak (2024)

  • Ikusizko eta Ikus-entzunezko Arteak: LAIDA LERTXUNDI
  • Arte Plastikoak: HIGINIA GARAY
  • Arte Eszenikoak: OLATZ GANBOA
  • Musika Klasikoa eta Garaikidea: LUMINITA DUCA
  • Gaur Egungo Musika: PAULA MATHEUS
  • Literatura: ALAITZ LECEAGA
  • Diseinua: BENCIO AGUERREA
  • Gastronomia: JAVIER IZARRA
  • Kultura Hezkuntzan eta Balioetan: LILURA ABESBATZA
  • Zientzia eta Berrikuntza Kultura: AGUSTIN SANCHEZ LAVEGA
  • Kultura Ondarea, Hautemangarria eta Hautemanezina: MANU GOMEZ MARTIN eta OSKAR FERNANDEZ GARCIA
  • Aixegaztea: EVA KAREAGA CORTACANS
  • Ibilbide Profesional eta Artistikoa: PEDRO GUALLAR
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!