Areeta eta Sestao arteko itsasadarraren azpiko tren-anezkak zalantzak eta gainkostuak pilatzen jarraitzen du

Ander Zarraga 2025ko eka. 9a, 12:40

Bizkaiko Foru Aldundiak tunelaren proiektua iragarri zuenean, anezka-trenaren infografia animatu bat ere aurkeztu zuen. © BFA

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Sener enpresari eskatutako txosten tekniko baten arabera, trazadura aurreikusitakoa baino luzeagoa eta malda handiagokoa izango da. Kostua ere bikoiztu egingo dela aurreikusi dute.

2022an, gidaririk gabeko tren batek Areeta eta Sestaoko metro-geltokiak itsasadarraren azpitik lotuko zituela iragarri zuen Unai Rementeria orduko ahaldun nagusiak. Proiektu hori ibilgailuentzako tunelagaz batera egingo zutela iragarri zuten orduan, baina hiru urte beranduago, egitasmoak zalantzak eta trabak baino ez ditu.

Publiko egindako azken azterlanaren arabera, lurraren ezegonkortasunaren ondorioz, tren-anezkak ibilgailuen tunelagaz batera egin beharreko ibilbidea aurreikusitako 300 metrotik 790 metrora handitu beharko litzateke. era berean, malda handiak direla-eta, trazadura osoa 2,5 kilometrotik 3 kilometro baino gehiagora luzatu beharko litzateke. Aldaketa horiek eraikitako metro bakoitzeko kostuak ia bikoiztu egingo lukete, hasieran aurreikusitako 35.000 eurotik 60.000 eurotik gora izateraino.

Hala adierazi du BGPak Sener enpresari egitasmoaren bideragarritasunari buruz egiteko eskatu zion txostenak. El Correo komunikabideak argitaratutako informazioaren arabera, txostena 2023an eskatu zuten eta 200.000 euroko kostua izan du.

Horretan zehazten denez, aipatutako maldak oso zaila egingo luke hasieran aurreikusitako tren automatikoa erabiltzea; horretarako, desnibela gainditzeko egokitutako motorra izango duen Metro Bilbaoko tren bat beharko litzateke. 

Azkenik, Senerrek aurreratu du zerbitzu horrek eguneko 5.751 erabiltzaile izango lituzke 2028an, eta kopuru hori apala izango litzateke metroko bidaiarien egungo bolumenagaz alderatuta.

Pilota, Jaurlaritzaren teilatuan

Momentuz, Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi du anezka egiteko edo ez egiteko erabakia, Azpiegituretako diputatu Carlos Alzagak azaldu bezala, tren-azpiegitura Jaurlaritzaren eskumenekoak baitira. Hala ere, ibilgailuentzako tunela etorkizunean zerbitzu hori sartzeko moduan eraikiko duela aurreratu zuen.

Horrez gain, oraindino argitzeke dago baztertzeak Europar Batasunak emandako 200 milioi euroko maileguari eragingo ote zion. Mailegu horrek esplizituki aurreikusten baitzuen anezka proiektuaren zati gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun