Joan den urteko irailean egin zuten bezala, Leioako eta Getxoko hainbat eragile sozial eta ekologista biltzen dituen Subflubiala EZ plataformak protesta-ekimena prestatu du aste-akabu honetarako Artatza parkean, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu gura duen itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren aurka. Hala, zapatutik domekara hainbat jarduera egingo dituzte: tailerrak, kontzertuak, poesia, haur-jolasak, hitzaldiak eta kalejira aldarrikatzailea.
"Subflubialaren eraikuntzaren mehatxu handienen artean leherketak nabarmentzen dira.
Hasieran, Artatzan bakarrik programatuak eta debekatuak, baina orain azterketa zorrotzik
gabe ibilbideko beste tarte batzuetara zabaldu nahi direnak. Leherketa horiek zarata eta
bibrazio arriskutsuak eragingo dituzte inguruko eraikinetan, hala nola Artatza-Romo
BHIn, eta legezko mugak gainditzen dituzte. PM 2.5 partikulek eragindako kutsaduraz
gain. Labur esanda, auzotarren osasunerako arriskuak alde batera uzten dituzte", salatu zuten atzo egindako prentsaurrekoan.
Subflubiala EZ plataformak sarritan salatu du itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua garraio-eredu zaharkitu batean oinarritzen dela, autoaren erabilera areagotuko duela eta, ondorioz, trafiko gehiago, kutsadura handiagoa eta karbono isuri gehiago eragingo dituela. Halaber, proiektuak ingurumen-inpaktu larriak izango dituela ere uste dute, Artatza bezalako berdegunea eta inguruko biztanleen osasunean kalteak eragingo baititu. Era berean, plataforma horren iritziz, tunelaren eraikuntzak ez du egungo klima- eta larrialdi ekologikoari erantzuten, eta herritarren parte-hartzerik gabe aurrera eramaten ari den erabaki inposatua dela salatzen dute.
Aipatutako guztia kontuan izanda, Aldundiari proiektua geldiarazteko eskatu diote: "Subflubiala ez da aurrerapena; atzerapausoa da klima larrialdiaren kontrako borrokan eta mehatxua
da gure bizi-kalitaterako".