Irurak Bat jauregia eraikin babestua zen, Algortan kokatua, eta haren ordez luxuzko etxebizitzak eraikitzea aurreikusten zuen hirigintza-operazioak eztabaida handia sortu du azken hilabeteotan Getxon zein Uribe Kostan.
"Ez dugu irregulartasunik ezagutzen"
Getxoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi du erabateko lankidetza eskaintzen ari dela agintari judizial eta polizialei. Amaia Agirre alkatearen esanetan, "Udalari dagokionez, legearen arabera jokatu da, eta San Nikolas kaleko 11. zenbakiko espedientea ohiko prozedurak jarraituz izapidetu da" .
Udalak azpimarratu du, halaber, sustatzaileak eraikinaren zati bat baimenik gabe eraitsi zuenean, obrak berehala gelditu zirela eta zehapen-espedientea ireki zitzaiola enpresari. "Irregulartasunik frogatuko balitz, beharrezko neurriak hartuko genituzke", adierazi du alkateak.
PP: "Udala eskuetatik joan zaio alkateari"
Getxoko PPko bozeramaile Eduardo Andradek, bere aldetik, Amaia Agirre alkateak dimititu beharko lukeela adierazi du, bere ustez udala "eskuetatik joan egin zaiolako". Andradek salatu duenez, gertatzen ari denak "herriarentzat irudi penagarria" uzten du.
Era berean, erregistroak beren susmoak baieztatzen dituela esan du, eta EAJk "auzi nahasia estaltzen eta Irurak Bat jauregiarekin gertatutakoari garrantzia kentzen" saiatu dela.
Andradek gogorarazi du PPk udal barruan ikerketa-batzorde bat sortzen saiatu zela, baina EAJk eta PSE-EEk blokeatu zutela. Horren aurrean, epaitegietara jotzea erabaki zutela azaldu du: "Orain epailea ari da dena argitzen".
PPren ustez, egoerak agerian uzten du alkatearen kudeaketa politikoaren porrota. "Egunero arazo berri bat agertzen da, eta denak kudeaketa txarraren ondorio dira", adierazi du. Horregatik, Andradek uste du Agirrek dimisioa planteatu beharko lukeela: "Ni bere tokian egongo banintz, oraintxe bertan dimitituko nuke".
EH Bildu: "Egun batetik bestera eraikina desagertu zen"
EH Bilduk azaldu duenez, susmoak aspaldidanik zituzten. "Aspalditik salatzen ari gara ondarea suntsitzen ari dela, eta haren ordez etxebizitza berriak egiten direla. Kasu honetan, 2024ko abuztuan, egun batetik bestera, Irurak Bat jauregia ez zegoen jada", adierazi du.
Alderdiaren arabera, babes berezia zuten eraikinetan ohikoa den bezala, espedientea eskatu eta obren jarraipena egiten hasi ziren. Hala ere, udaletik jasotako informazioa ez zela nahikoa ikusita, batzordeak eta planoak eskatu zituzten, arrakasta handirik gabe. "Ez genuen behar adinako informaziorik jaso, eta horregatik eskatu genuen espediente osoa fiskaltzara bidaltzeko. Ezezkoa eman ziguten, eta azkenean guk geuk aurkeztu genuen salaketa", azaldu dute.
Fiskaltzak, ondoren, delitu-zantzurik egon zitekeela iritzita, auzia epaitegira bidali zuen, eta horren ondorioz abiatu da gaur egungo ikerketa judiziala.
Era berean, auziak "inpunitate-sentsazioan oinarritutako kudeatzeko modu bat " agerian uzten duela dio EH Bilduk, udalaren funtzionamenduan ondorio zuzenak izango lituzkeena. Hori horrela, "herritarrak dira kaltetu nagusiak".
"Ez dago plangintza argirik, gauzak ez dira behar bezala aurrera eramaten, eta egoera honek berriro ere herria kolpatzen du, baita gure ondarea ere", adierazi du. Ikerketa judizialetik erantzukizunak argitzea espero du, eta balizko irregulartasunak frogatuz gero, "ardura dutenek alde egin beharko luketela" nabarmendu du.
PSE-EE: "Kezkatuta gaude, baina EAJri dagokio erabaki politikoak hartzea"
Getxoko PSE-EEk ere bere kezka adierazi du Irurak Bat jauregiaren eraisketagatik irekitako auzi judizialaren harira. Carmen Diaz bozeramaile sozialistaren esanetan, egoera "kezka iturria" da, baina balizko erantzukizun politikoen inguruko erabakiak EAJri dagozkiola azpimarratu du.
Diazek epaitegiek abiatutako ikerketarekiko "errespetu osoa" adierazi du, eta gogorarazi du sumarioa sekretupean dagoela. "Ertzaintza Udalean sartu dela jakin bezain laster, alkatearekin harremanetan jarri gara, justiziarekin ahalik eta lankidetza handiena egon dadin eskatzeko", azaldu du.
Era berean, egoera "zuhurtziaz" jarraitu behar dela dio, ikerketa judizialak zer argitzen duen ikusi arte. "Badakiguna da lizentzia bat urratu dela eta babes publikoa zuen eraikin bat eraitsi dela; horren aurrean, Udalak espedientea ireki eta legeak aurreikusten duen zehapen larria ezarri du. Hortik aurrera, ikerketa judiziala martxan dago", zehaztu du.
Gobernu-taldeko kide diren heinean, sozialistek eguneroko kudeaketari heldu gura diotela ere nabarmendu du Diazek. "Gure helburua herritarren arazoei erantzutea da, eta penagarria da 2024ko erdialdetik hona auzi honek behin eta berriz Getxo fokuan jartzea eta benetan garrantzitsua denetik aldentzea", adierazi du.
Balizko ondorio politikoei dagokienez, errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eskatu du PSE-EEk, eta berriro azpimarratu du erabaki horiek ez dagokiela sozialistei hartzea. "Ez gara inor EAJri zer egin behar duen esateko, baina egoerak kezkatzen gaitu, instituzioen sinesgarritasuna jokoan dagoelako", ohartarazi du.
Diazen ustez, Getxok erronka handiagoak ditu aurrean eta auzi honek herritarren zein Udalaren arteko urruntzea areagotu dezake. "Horregatik, balizko erabaki politikoak hartzea dagokionari dagokio", amaitu du.
Instrukzioa sekretupean dagoenez, oraingoz ez da informazio gehiago eman, eta datozen asteetan epaitegiek zer norabide hartuko duten ikusteke dago.