Getxoko Udalak azaldu duenez, 2022ko urrian emandako lizentzia horren bitartez, enpresa sustatzaileak eraikin babestua birgaitzeko baimena zuen, lau fatxadak –begiratokiak ez ezik– mantenduz, eta lurzati berean eraikin berri bat gehitzeko aukera zegoela. Hala ere, Udalak azpimarratu du “inoiz ez” zuela baimendu katalogatutako higiezina osorik eraistea.
Gaineratu duenez, obra baimendutakoagaz bat ez zetorrela ikusi ondoren, Udalak espediente bat ireki zuen hirigintza-legezkotasuna berrezartzeko xedez, eta zehapen-prozedurak hasi zituen.
Gaur-gaurkoz, prozesua erregularizazio eta parte-hartze publikoaren fasean dago. Horren helburua da enpresa sustatzaileak aurkeztutako proiektu berria berrikustea eta ondare-elementuen babesa bermatzea. Udalak iragarri duenez, proiektu horren eranskina eskuragarri dago daborduko kontsulta publikorako.
Udalak azpimarratu du indarrean dagoen legezko prozedurari jarraituz jardun duela, eta enpresa sustatzailea izan zela birgaitzeko lizentzia urratu zuena. Ildo horretan, gogoratu du lizentzia-haustea detektatu zenetik, “Getxoko ondarea babesteko eta araudia betetzen dela ziurtatzeko lan egiten ari dela”.
Udal-langile teknikoen lanari dagokionez, Udalak zehaztu du udal-arkitekto “guztiek” kategoria profesional eta erantzukizun berdinak dituztela, eta ez dela titulazio espezifikorik behar eraikin babestuen espedienteak kudeatzeko, “eta hala jardun dute beste hainbat kasutan”.
Nolanahi ere, Hirigintza Sailak “polizia-autoritate eta agintari-judizialakaz elkarlanean aritzeko prest” dagoela berretsi du. Lankidetza hori prozeduraren hasieratik mantentzen dela gogoratu du Udalak, eta gertakariak “gardentasun handienagaz” argitzeko behar diren dokumentazio eta txosten tekniko guztietarako sarbidea bermatzen jarraituko duela berretsi du.
Azkenik, alkateak iragarri du funtzionarioek edo kargu publikoren batek irregulartasunen bat egin duela baieztatuko balitz, Udalak horren arabera jokatuko duela, “beharrezko neurriak hartuz eta beti Getxoko herritarren interes orokorraren alde jardunez”.
Hala adierazi du Amaia Aguirre alkateak, atzo El Correo egunkariak eman zuen informazioari erantzunez. Hedabide horrek argitaratu zuenez, Ertzaintzak “ondare historikoaren aurkako delitu bat egiaztatutzat” eman du, erreforma-prozesuan eraikina guztiz bota zutelako, kooperatiba batek luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko.
Afera honen muinean dago kooperatiba horretako kide bik erantzukizun politikoa zutela Amaia Aguirreren udal-gobernuan, biak EAJren ordezkari gisa zinegotzi gisa.
Hala ere, El Correoren arabera, Ertzaintza harago doa: epaileei jakinarazi ei die ikerketagaz jarraitzeko asmoa duela, orain prebarikazio-delitu baten frogak biltzeari begira; hau da, frogatu gura dute funtzionarioek edota politikariek euren erabakiak bidegabekeria edo legezkotasuna jakinda hartu zituzten ala ez.