"Irurak Bat" auzia

Aitor Esteban, 'Irurak Bat' auziaz: "Bola bat sortzen ari dela iruditzen zait, eta ez dirudi gaitzespen legal edo administratiborik dagoenik"

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 19a

Aitor Estebanek Udalaren eta zinegotziek jarduna defendatu du. © EAJ

Aitor Esteban EBBko presidenteak gogor kritikatu du Algortako "Irurak Bat" jauregiaren eraispenaren inguruan sortzen ari den polemika, eta ziurtatu du bere alderdiari ez zaiola iruditzen Getxoko Udalak edo bertako zinegotziek inolako "erru penal edo administratiborik" dutenik.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak eraikinaren garrantzia erlatibizatu gura izan du, babes-maila apala zuela argudiatuz. "Badirudi Eiffel dorrea zela", adierazi du ironiaz, eta gaineratu du garrantzitsuena ez dela eraikina bera, baizik eta Udalak eta ikertutako hautetsiek zuzen jokatu duten ala ez aztertzea. Estebanen ustez, orain arteko informazioaren arabera, erakundeak zein zinegotziek zuzenbidearen arabera jardun dute uneoro.

Jeltzaleak defendatu egin du ikerketapean dauden zinegotziek proiektua sustatzen duen kooperatiban parte hartu izana. Haren esanetan, proiektua onartu zenean, kooperatiba oraindik ez zen existitzen, eta geroago sortu zenez, ez du mugarik ikusten udal-kargudunek bertan izena emateko.

"Etxebizitza bat bilatu behar al dute derrigorrez beren udalerritik kanpo? Hau da, zinegotziek pisu bat bila dezakete, pisu bat eros dezakete beren udalerrian bertan, bai ala ez? Erantzuna baiezkoa dela iruditzen zait, adibide asko ditugulako beste udalerri batzuetan", arrazoitu du Estebanek.

Era berean, buruzagi jeltzaleak gogorarazi du enpresa sustatzailea daborduko zigortua izan zela jauregiaren hormak botatzeagatik, finkatze lanik egin ez zela ikusi ostean. Hala, azpimarratu du Udalak "pauso zuzenak" eman dituela ondarea babesteko bere eskumenen barruan. Hala ere, aitortu du EAJk ezagutzen ez duen elementu berririk agertuko balitz horren neurrian jardun beharko luketela, baina une honetan "bola" bat sortzen ari dela deritzo, funtsik gabeko akusazio administratibo edo legaletan oinarrituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun