"Irurak Bat" auzia

Getxoko PPk eta Elkarrekin Podemosek Amaia Agirre alkatearen dimisioa eskatu dute 'Irurak Bat' auziagatik

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 26a

Amaia Agirre Getxoko alkateak ikertuek euren kargua alderdiaren esku utzi dutela adierazi zuen barikuan egindako adierazpenetan. © EAJ GETXO

Epaileak prebarikazio delituagatik EAJko hiru zinegotzi eta Udaleko hiru teknikari inputatu izanak hainbat kritika eragin ditu udal-taldeen artean. Bien bitartean, Amaia Agirre alkateak zinegotzi ikertuen errugabetasun-presuntzioa gogorarazi du. Era berean, Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidenteak azaldu duenez, alderdiak dimisioak onartu ditu Getxoko Udalaren gobernagarritasuna bermatzeko, nahiz eta inozentzia presuntzioa aldarrikatu duen ikertuentzat.

Oposizioko alderdientzat, kargua utzi izana ez da nahikoa; PPk eta Elkarrekin Podemosek Amaia Agirre alkatearen dimisioa eskatu dute zuzenean. Eduardo Andrade popularren bozeramaileak leporatu dio alkateari informazioa ezkutatu izana eta bere zinegotziak babestu izana Ertzaintzaren ikerketa hasi zenetik. Antzeko bidetik jo du Xabier Benito Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, legealdia "agortutzat" joz eta Agirreri gobernu "onest eta garden" bat gidatzeko gaitasunik eza egotziz.

EH Bilduk ere bere jarrera berretsi du gertakari hauen aurrean, eta gogorarazi du beraiek izan zirela Fiskaltzari irregulartasunen berri eman ziotenak, ikerketa amaieraraino eramatea ezinbestekotzat jotzen dutelako. "EH Bilduk berretsi egiten du kudeaketa publikoan eredugarritasun handiena gordetzearen printzipioa, ustelkeria 0 izan behar dela, eta konpromisoa hartzen du lanean jarraitzeko gertaera horien ikerketan azkeneraino iristeko", gaineratu du ohar bidez.

Bestalde, PSE-EEko udal taldeak ohar bidez argitu gura izan du 2022ko lizentziak birgaitzea bakarrik baimentzen zuela, eta ez eraikin nagusia botatzea. Sozialistek azpimarratu dute 2024ko abuztuan gertatutako eraisketak baimendutakoa urratu zuela, eta prozesu administratiboa teknikarien eta idazkari nagusiaren babesagaz egin zela defendatu dute.

Alkatearen adierazpenak

Bere aldetik, Amaia Agirre Getxoko alkateak barikuan egin zituen adierazpenetan azaldu zuen du hiru zinegotzi ikertuakaz bilduta egon dela eta hauek alderdiaren esku utzi dutela beren kargua. Erabaki horren helburua, Agirreren esanetan, zinegotziek beren burua hobeto defendatzea eta alderdiaren zein Udalaren irudiari kalte gutxiago egitea da.

"Azpimarratu nahi dut beraien erabakia errespetatzen dudala, baita errugabetasun-presuntzioa ere, eta egoera berri honen aurrean ahalik eta lasterren ordezkatuko dugula, eta arduraz lan egin dugula; izan ere, arduraz lan egiten jarraituko dugu, justiziari laguntzen ez badiogu bezala", gaineratu du alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun