"Irurak Bat" auzia

Epaileak Getxoko Udaleko hiru zinegotzi eta hiru teknikari inputatu ditu 'Irurak Bat' jauregiaren eraisketagatik

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 24a

Getxoko osoko bilkura, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

​Getxoko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko Neus Galobardes Bofill epaileak Udaleko sei kide eta kanpoko beste lau pertsona inputatu ditu 2024ko abuztuan Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen 'Irurak Bat' jauregiaren eraisketan delitu zantzuak egon daitezkeela iritzita. HIRUKAk bere garaian esklusiban aurreratu zuen moduan, auziaren itzalak udal-gobernuko kideak harrapatu ditu bete-betean, eta inputatutako hiru zinegotzi jeltzaleek daborduko kargua utzi dute.

Urtarrilaren 14an, Ertzaintzako agenteek Getxoko Udaleko Hirigintza Saileko bulegoak miatu ostean, Epailearen autoak Kode Penaleko artikulu bi jarri ditu mahai gainean: 321. eta 322. artikuluak. Lehenengoak ondare historikoari eragindako kalteak zigortzen ditu, eta hiru urtera arteko kartzela-zigorra zein bost urtera arteko gaitasungabetzea ekar ditzake. Bigarrenak, aldiz, prebarikazioa du ardatz; hau da, babestutako eraikina eraisteko txostenaren alde modu bidegabean egitea. 1845eko jauregiak maila lokaleko babesa zuen, eta luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko eraitsi zuten.

Inputatutako zinegotziak Ignacio Uriarte eta Irantzu Uriarte, bikotea eta eraikina bota zuen kooperatibako kideak, eta Iñigo Urkitza Hirigintza Diziplinako arduraduna dira. Teknikarien artean, Isabel Peral Hirigintza arduraduna, Sonia Quintana saileko bigarrena eta Argiñe Encinas arkitektoa daude. Horiekaz batera, Ereaga Atalaya kooperatibaren kudeatzailea, eraikuntza-enpresako arduraduna eta proiektuan parte hartu zuten arkitekto bi ere ikertuko dituzte.

​Epailearen erabakiaren berri izan eta jarraian, ikerketapean dauden hiru zinegotziek euren karguak alderdiaren esku utzi dituzte. Hala, EAJk kaleratutako oharrean, hautetsiek euren jarrera argitu dute: "Gure errugabetasuna mantentzen dugu, baina kargua uztea komenigarria dela uste dugu defentsa errazteko eta EAJren irudi publikoa babesteko". Alderdi jeltzaleak gaineratu duenez, "gertakariak aurrez epaitu gabe eta errugabetasun-presuntzioa errespetatuz", datozen egunetan ordezkatuko ditu hiru hautetsiak.

Inflexio-puntua

​Auziaren norabidea urtarrilaren 14an aldatu zen erabat, Ertzaintzako Ingurumen eta Ondare ataleko agenteek Getxoko Hirigintza saileko bulegoak miatu zituztenean. Agenteek telefono mugikorrak konfiskatu eta ordenagailuetako informazioa "irauli" zuten. Epailearen esanetan, erregistro horretan bildutako materialak eta urtarrilaren 12ko polizia-atestatuaren zabalpenak inputazioak gauzatzeko adina zantzu ematen dituzte, orain "frogak suntsitzeko arriskurik ez dagoela" bermatuta baitago.

​EH Bilduk, auzia Fiskaltzaren aurrera eraman zuen taldeak, gogor hitz egin du gaur: "Ezker subiranista izan zen ikerketa bat ireki eta gertakariak amaieraraino ikertzea beharrezkoa zela uste izan zuena". Koalizioak berretsi duenez, "eredugarritasun maximoa" exijituko dute kudeaketa publikoan eta adi egongo dira prozesu judizialaren garapenagaz.

Ildo berean, Getxoko PPk mozio bat erregistratu du datorren egueneko udal-osoko bilkuran Amaia Agirre alkatearen dimisioa exijitzeko, kudeaketan izandako ustezko irregulartasunak direla eta. Eduardo Andrade bozeramaile popularraren esanetan, neurria beharrezkoa da orain arte EAJk emandako pausoak ez direlako nahikoak izan gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak kitatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun