Epailearen autoaren arabera, ikerketek ondorioztatu dute jauregiaren ordez luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko proiektuan ondare historikoaren aurkako delitu baten eta ondarearen aurkako delituari lotutako prebarikazio baten zantzuak egon daitezkeela. Hori dela eta, datorren otsailaren 25ean eman beharko dituzte azalpenak epaitegian hamar ikertuek: EAJko hiru zinegotzik, Getxoko Udaleko hiru teknikarik eta sustatzaile enpresagaz lotura duten beste lau.
Deklaratu beharko dutenen artean daude Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte bikotea, kooperatiba sustatzaileko kide zirenak, eta Iñigo Urkitza, gertaerak jazo zirenean Hirigintza Diziplina arloko arduraduna zena. Hiruek euren kargua EAJren esku jarri dute eta kargua utzi dute, auziak eragin duen ekaitz politikoaren ondorioz.
Prozesu judiziala Getxoko EH Bildu udal-taldeak abiatu zuen, eta egun PP eta Fiskaltza ere bertan pertsonatuta daude; PPk eta Elkarrekin Podemosek, gainera, Amaia Agirre alkatearen dimisioa ere eskatu dute.
Bere aldetik, EAJk babesa adierazi dio alkateari, eta Iñigo Ansola BBBko presidenteak azpimarratu du ikerketak hiru zinegotzi ohiei soilik eragiten diela. Udal-gobernuan jeltzaleen bazkide den PSE-EEk, berriz, gertatutakoaren inguruan "gehienezko argitasuna" exijitu du.